Orain

OHO
Osteguna, 6 Uztaila, 2017 - 17:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Uztailaren 6a, osteguna, eta uztailaren 7a, ostirala

2017ko uztailaren 6a, osteguna - 17:00
2017ko uztailaren 7a, ostirala - 10:30
 

Bulegoa z/b ekimenak komisariotzako ikastaro bat jarriko du abian 2017an, zenbait bilera eginez. Bilera bakoitzak bi saio izango ditu, eta pertsona bat izango du gidari, "komisariotza" hitzaz bere buruari galdetzeko iradoki ondoren guk gonbidatutakoa. Peio Aguirrek gidatuko du lehenengo bilera. 

Display-aren historia eta egungo egoera, erakusteko metodo gisa hartuta. Uztailaren 6a, osteguna, 17:00
Ingelesez, display hitzak “erakutsi”, “agertu” edo “azaldu” esan nahi du. Kuradoreen jargoian, erakusketen muntaketari edo diseinuari dagokio, ezinbesteko zeregina baita hori, gaur egungo kudarore-azterketetan eta -praktiketan. Saio honetan, display-aren sorburua aztertzeaz gain, bilakaera ere ikusiko dugu, XX. mendeko modernitatean izan diren erakusketarik garrantzitsuenetako batzuen bidez. Haren historian, agente desberdinen arteko interakzioa eta lankidetza nabarmentzen dira: museoetako langile, historialari, artista, diseinatzaile eta arkitektoen artekoak. Film und Foto (Stuttgart, 1929) eta The Family of Man, (MoMA Museum of Modern Art, New York, 1955) bezalako erakusketak mugarri bilakatu dira, goitik behera irauli baitzuten erakusketak baliabide gisa duen egitekoa. Saioan, beste erakusketa bat ere izango dugu aztergai: Italy: The New Domestic Landscape (1972) seminala. Arkitektoa eta garai hartan MoMAko kuradorea zen Emilio Ambaszek antolatu zuen, eta aldi hartako Italiako diseinu eta arkitekturako esperimenturik "erradikalenak" edo utopikoenak izan zituen ikusgai: Superstudio, Archizoom, Sottsass eta abar. Saioaren amaieran, gaur egungo display-aren adibide batzuk ikusiko ditugu, bai eta saioaren arduradunak zenbait erakusketatan asmatutako display-en erakusgarri batzuk ere.

"Estetika erlazionala" izenekoaren zoriak. Uztailaren 7a, ostirala - 10:30
Azken bi hamarkadetan, gutxi dira "Estetika erlazionala" (ER) baino gehiago erabili diren kontzeptu artistikoak. 1998an Nicolas Bourriauden Esthétique Relationelle (Les Presses du Réel) liburua argitaratu zenetik, kategoria edo etiketa bilakatu da hitza, une jakin bat eta, orobat, praktika artistikoen eta egiteko moduen multzo oso bat definitzekoa. ER kontzeptuak duen berritasun nagusia da paradigma-aldaketa bat ekarri duela artera, ikuslearen interpretazio aktiboa, interakzioa, parte-hartzea eta konbibialitatea ezin saihestuzko elementuak direlako. Rirkrit Tiravanija, Dominique González Foester eta 1990eko hamarkadan azaldutako beste artista batzuei loturik, sarritan, gaizki-ulertuak izaten dira ER kategoriaren inguruan. ER kontzeptuari lotutako klixeak besterik gabe onartu ordez, saio honetan ahalegina egingo dugu kontzeptuak 1990eko hamarkadaren hasieran zuen espiritua ikertzeko, Frantzian antolatutako zenbait erakusketatan gorpuztu zena. Erakusketa horien artean dago Traffic, Bourriaudek berak Bordeleko CAPC-en 1996an komisariatua, “erlazionala” bultzatzeko lagungarria izan zena. Era berean, paradigma aldatzeko ekarpena egin zuten zenbait artistaren lanari helduko diogu, besteak beste, Liam Gillick eta Angela Bullochenari. Saioa bukatzeko, "erlazionalak" Euskal Herriko eta Espainiako artearen testuinguruan izan duen eragina edo ondorioa izango dugu hizpide.

Peio Aguirre arte-kritikaria, idazlea, komisario independentea eta editorea da. Liburu honen egilea da: La línea de producción de la crítica (consonni, 2014). Hainbat testu argitaratu ditu Estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, besteak beste, hauetan: La Vanguardia egunkariaren Cultura(s), Gara egunkariaren Mugalari, Exit, A-desk, Afterall, A Prior Magazine, Exit Express, Flash Art, El estado mental, e-flux journal, Concreta, El País egunkariaren Babelia eta Campo de relámpagos. Bestalde, erakusketa hauetako komisarioa izan da, besteak beste: Imágenes desde el otro lado, CAAM, Las Palmas Kanaria Handikoa (2007); Etorkizuneko arkeologiak, Rekalde Aretoa, Bilbo (2007); Asier Mendizabal, MACBA, Bartzelona, (2008); Néstor Basterretxea, Forma eta unibertsoa, Bilboko Arte Ederren Museoa (2013); Modernitate bakan bat. “Arte berria”, Donostiaren inguruan 1925-1936, San Telmo Museoa, Donostia-San Sebastián (2016); eta Uztailak 38 - Urriak 37. Juan Pérez Agirregoikoa, Artium, Vitoria-Gasteiz (2017).
2006. urtetik gaurdaino, kulturako kritikaz idazten du bere blogean: Crítica y metacomentario. http://peioaguirre.blogspot.com

Komisariotza-ikastaroa
Bulegoa z/b arte- eta jakintza-arloko bulego bat da. Sarritan galdetu diogu geure buruari zer esan nahi ote duen komisariatzea, ea egon ote daitekeen arlo desberdinetan jarduteko sentsibilitate eta forma desberdinik terminoaren azpian, ea hitz egin ote daitekeen komisariotzaz erakusketak egiteko zentzu zehatzean eta, aldi berean, zentzu hedatuan.

Horri jarraiki, desio bati erantzuten dion bulkada gisa uler daiteke komisariotza. Desioa, lehen ezer ez zegoen tokian zerbait ikustekoa; erakusketa bat, espazioa eta denbora partekatzen dituzten objektuz osatutako artefaktu bat sorraraztekoa; objektu horien artean sortzen diren harremanetatik pentsamendua sortzekoa. Orobat, Luca Frei artistaren hitzak hona ekarrita, arreta-une bat sortzeko desioa.

 

Larunbata, 24 Ekaina, 2017 - 10:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  

Karlos Martínez B.: “Les effets de la vie en groupe” (Bilbaoarte, Bilbao, 2016)

Gogoan dut, txikitan, liburuak edukiaren arabera aukeratu ordez, formatuaren arabera hautatzen nituela; baina nola epaitu liburu bat azalaren arabera, oraindik egin gabe badago? 

Udako solstizioko jarduerekin batera eta Marcel Broodthaers-en Pense Bête (1963) liburua abiaburutzat hartuta, saio bat proposatzen dut, Jan Tschichold tipografo alemanaren aipu bat izenburutzat hartuta: “Readers want what is important to be clearly laid out; they will not read what is too troublesome” (“Irakurleek nahi dute garrantzizkoena paper gainean argi eta garbi egotea; ez dute irakurriko nekagarriegi egiten zaien hori”). Saio horretan erakutsiko ditut Etorkizuneko liburua azterketa-taldean egin ditudan azken lanetako batzuk. Gehienbat posterraren formatua abiapuntu ireki gisa erabili, liburuaren funtsa definitu, eta artelan bezala duen funtzionamendua aztertu ondoren, saioa osatzeko, saiorako berariaz ekoitzitako edizio bat aurkeztuko dut, eta tailer bat egingo dut Maite Martínez de Arenazarekin batera (La Taller-Erredakzioa), inprimaketa esperimentuzko lankidetzako praktikarako ingurune gisa erabiltzeko.

Broodthaers-ek argitaratu zuen hirugarren eta azken poema-liburua izan zen Pense Bête. Haren lehenengo “artelana” izan zela ere uste izaten da. Liburuak saltzeko zituen zailtasunak ikusita, une hartantxe, artistak, poesia alde batera utzi, eta arte plastikoetan aritzea erabaki zuen. Lehenik, collageekin esku hartu zuen liburuaren kopia bateko orrietan; gero, azken berrogeita hamar aleak batu, eta igeltsuarekin estali zituen zati batean. Pense Bête lanarekin, Broodthaers-ek “ez-zintzoa” zen zerbait sortu nahi zuen, barruan testu bat ezkutatuko zuen pieza anbiguo bat.

Saioan izena emateko eta informazioa jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org. Lekuak mugatuta daude.

Karlos Martínez B. (Bilbo, 1982) Durangon bizi da eta han lan egiten du. Objektuekin aritzen da lanean, hainbat ingurune plastiko eta bisualetan. Auzi ontologikoak dira haren lanaren ardatza; sarbideari eta doluari lotutako arazoetan sakondu nahi du horrela. Sarritan elementu hauskorrak, zaharkituak edo arruntak erabiltzen ditu, galerari lotutako esperientziaz diharduen hiztegi familiar batekoak dena.

Maite Martínez de Arenaza (Aretxabaleta, 1971) teknika grafiko garaikidean aritzen da 2010. urtetik, Bilbo hiriko La Taller espazioko zuzendari lanetan. Orain dela gutxi, La Taller espazioak zabaldu egin du proiektua, Tania Arriaga Azkaratek zuzentzen duen Erredakzioa gunea irekiz. Teknika grafikoak eta inprimatzeko teknologiak dira bi proiektuen arteko lotunea. La Taller teknika grafikoen bidez lortutako irudien sorkuntzari, edizioari eta zabalkundeari lotuta dago; Erredakzioa, berriz, testuak ekoizteko eta zabaltzeko bulego bat da gehienbat, inprimatze-arloan zaharkituta geratu diren teknologiak erabiltzen dituena.

Udako solstizioa:
Bilboko Solokoetxe auzoko Bulegoa z/b, La Taller eta Trópico espazioek uda hasieran batera prestatutako ospakizuna.

Programa:
10:00-14:00: Readers want what… Aurkezpena eta Karlos Martínez B.ren tailerra (Bulegoa z/b eta La Taller-Erredakzioa)
14:30-16:30: Readers want what… erakusketa* eta janaria (Bulegoa z/b)
17:00-17:30: Diva de Palo. Enriqueta Vega (La Taller-Erredakzioa)

18:30-20:30: Erakusketa eta auto-edizio eta fanzine azoka (Espacio Trópico)

Tokiak:
Bulegoa z/b (Solokoetxe 8) http://www.bulegoa.org/
La Taller (Maestro Iciar) http://www.lataller.com/
Espacio Trópico (Zabalbide 17)

* Readers want what… erakusketa ekainaren 26tik 30era arte egongo da zabalik, Bulegoa z/b-n, 18:00etatik 20:00etara.

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.
Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.
 

 

 

 

 

Asteazkena, 21 Ekaina, 2017 - 20:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Andreas Wutz-ek proposatutako Peter Weiss-en zenbait filmen proiekzioa eta, horren ondoren, solasaldia.

Peter Weissek, Die Ästhetik des Widerstands (Erresistentziaren estetika) eleberriari eta Marat/Sade antzezlanari esker ezagun egin zen egile suediar-alemanak, mira handia zion Luis Buñuelen obra zinematografikoari. Buñueli eskaini zion Avantgardefilm (1956) estetika zinematografikoko kapitulu nagusia, eta, gainera, zinema surrealistako maisua handia zen haren zinema-zuzendaririk gogokoena, Erresistentziaren estetika lanak izan zezakeen filmazioari begira. Zinemaz idazteaz gain, Weissek praktikatu ere egiten zuen. 1952. eta 1961. urteen artean, hemezortzi film egin zituen, besteak beste, film labur esperimentalak, dokumentalak eta bi film luze. Zinema_ilegaleko saio honetan, Weissen film horietako batzuk ezagutzeko aukera izango dugu.

Andreas Wutz (Munich, 1962) artista independenteak pintura eta instalazioko gradua du. Gero, argazkigintza, instalazioa eta zinema landu ditu gehienbat. Dokumentalaren, artearen eta zinema esperimentalaren estrategiak oinarritzat harturik, bere lanetan interes sakona agertzen du gai sozio-politikoekiko eta erreferentzia historiko desberdinekiko. 2013. eta 2015. urteen artean, Ikus-entzunezko artearen irakaslea izan zen Bartzelonako Diseinuko Institutu Europarrean eta San Diegoko Kaliforniako Unibertsitatean. Gaur egun, Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du.
www.andreaswutz.net

 

OHO
Osteguna, 1 Ekaina, 2017 - 10:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bulegoa z/b ekimenak aurrera jarraitzen du Olatz González Abrisketak eta Susana Carro Ripaldak koordinatuta “kosmopolitika” terminoaren inguruan abiarazitako irakurketa-saioekin.“Kosmopolitika” terminoa Isabel Stengersek proposatu zuen 1996an, "mundu komunaren" edo "ondasun komunaren" edo "asmo onen" eta, beraz, ustezko mundu bakar hori ordezkatzeko ahots batzuek duten ahalmenaren existentzia ukatzen duen politika egiteko forma bat iradokitzeko.

Saioak 2 edo 3 orduko iraupena izango du. Koordinatzaileek sarrera egin ondoren, eztabaidari ekingo zaio, proposatutako irakurketa eta esparru-galdera batzuk oinarritzat hartuta: Zenbateraino da bideragarria proposamen kosmopolitikoa? Nola onartu eta sartu erabakiak hartzean kolektibo "ikusezinak" edo bestelako izakiak? Politika egiteko beste forma batzuk egon al dira?

2017ko ekainaren 1erako proposatutako testua. Mario Blaser (2016). “Is another cosmopolitics possible?” Cultural Anthropology, 31. lib., Issue 4, 545-570 or.

Parte hartzeko eta proposatutako testuak jasotzeko, idatzi hona: bulegoa@bulegoa.org

Susana Carro Ripalda (Bilbo, 1965) antropologoa da, eta irakaslea izan da Edinburgo, Glasgow eta Durham-go unibertsitateetan. Gaur egun, Bizkaia:talent programako ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroan. Haren lanaren ardatza zientzia eta teknologia, bioetika, harreman interespezifikoak, pertsoneitatea eta erlazionalitatea dira, betiere nazioarteko ingurune konparatiboetan kokatuta (Mexiko, Brasil, India, Erresuma Batua eta Euskal Herria).

Olatz González Abrisketa (Bilbao, 1973) antropologoa eta UPV/EHUko irakaslea da. "Identitatea eta aldaketa soziala" taldeko ikertzailea da, eta gehienbat kirola eta generoa ditu aztergai. Txandaka lantzen ditu ekoizpen idatzia eta ikus-entzunezkoak, eta haren “Pelota Vasca: un ritual, una estética” liburua (2005) eta Jørgen Leth-ekin batera zuzendu zuen “Pelota II” filma (2015) nabarmentzen dira gehienbat. 2013an Bulegoa z/b ekimenarekin aritu zen lankidetzan, “Irakurketa perspektibistak” izeneko mintegian.

Biak elkarrekin zenbait irakurketa-talde antolatu dituzte antropologiako gaur egungo korronteak lantzeko, eta “La apertura ontológica de la antropología contemporánea” (2016) artikulua argitaratu dute.

 

Igandea, 28 Maiatza, 2017 - 19:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Amadeo Bordigari egindako elkarrizketa bakarraren zati baten proiekzioa. Mattinek eta Blas Etxebarriak proposatutako saioa, eta, ondoren, solasaldia.

Hil baino pixka bat lehenago egindako elkarrizketa honetan, Amadeo Bordigak eztabaida egiten du Antonio Gramscirekin, eta faxismoaren inguruan zituen desadostasunak azaltzen ditu.

Saioan, Blas Etxebarriak parte hartuko du, eta Bordiga bera eta haren ideiak azalduko dizkigu. Horrez gain, GITE-IPESek hartuko du esku (Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea – Instituto Promoción Estudios Sociales). 

Amadeo Bordiga pertsonaia enblematikoa da komunismoaren barruan, baina, aldi berean, aski ezezaguna da. Italiako Alderdi Komunista sortu zuen 1921ean, Antonio Gramscirekin batera, baina 1930ean kanpora bota zuten, Trotskyren alde jarri zelako. Bordiga parlamentuan parte hartzearen kontra zegoen erabat, eta, hori dela eta, Leninek kritikatu egin zuen, La enfermedad infantil del 'izquierdismo' en el comunismo (1920) saiakera ezagunean. 1926an, Bordigak aurrez aurre egin zion kritika Stalini, eta Sobiet Batasuna munduko alderdi komunista guztien artean zuzentzeko ideia proposatu zuen. 1945ean, Alderdi Komunista Internazionalista sortu zuen, buruzagi komunista izandako beste kide batzuekin batera (italieraz, Partito Comunista Internazionalista). Alderdi txiki horrek marxismoarekin fidela zela uste zuen, aurre egiten zion estalinismoari, eta SESB salatzen zuen "ezkerretik", hango sistema ekonomikoko kapitalismoa zela egotzita.

Saioa amaitzeko, Bordiga hil ondoko urteetan mugimendu bordigistak izan zuen bilakaera izango dugu hizpide.

Blas Etxebarria Alderdi Komunistatik kanpoko militante komunisten lehen taldeko kidea izan zen, hirurogeiko hamarkadako Venezuelan. Hango ezker tradizionalak Ocho Jóvenes Iracundos (Zortzi Gazte Suminkor) izena eman zion taldeari. Gero, Europara etorri, eta mugimendu bordigistan sartu zen. Bordigarekin berarekin parte hartu zuen behin bilera batean, Milanen. 1970ean, frantsesez hitz egiten den Suitzako atal bordigista antolatu zuen, eta 1978an, berriz, Venezuelako atala. 1982an alde batera utzi zuen militantzia aktiboa.

Mattin artistak zarata eta inprobisazioa lantzen ditu gehienbat. Zarata eta kapitalismoa (Arteleku-Audiolab 2010) liburua argitaratu du Anthony Ilesekin batera. 2012an, CAC Bretignyk eta Taumaturgiak Unconstited Praxis eman zuten argitara; liburu horretan daude bilduta Mattinen testu eta elkarrizketa gehienak, eta bakarka zein lankideekin egin dituen performanceen kritikak ere bai. Gaur egun, doktoregoko ikaslea da EHU/UPVko Arte eta Teknologia Sailean, Leioan, Josu Rekalderen eta Ray Brassier-en tutoretzapean.

 

Astelehena, 8 Maiatza, 2017 - 08:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Argazkia: Françoise Rognerud  

 

Lehen egonaldia: 2017ko maiatzaren 8tik 12ra – Azala, sormen-gunea (Lasierra) 

Bulegoa z/b ekimenak arte- eta ezagutza-ekoizpenari laguntzeko egonaldien programa berria abiarazi du hainbat fase eta mailatan.

2017an Bulegoa z/b-k gonbidatu egin du Olga de Soto koreografoa A Project Made of Voices (Ahotsez egindako proiektua) garatzera eta dantzaren historiaren inguruan hark egindako ikerketetan bildutako soinu-materiala berreskuratzera.

Bi egonaldi-epe eskaini dizkiote. Lehenengoa, maiatzaren 8tik 12ra bitartean, Azala sormen-gunean izango da, Arabako Lasierra herrian, eta Azalak Proklama#10 ekimenaren barruan antolatutako mintegiarekin eta proiekzioarekin uztartuko da. Bigarren fasea Bulegoa z/b ekimenak Bilbon duen gunean lekutuko da udazkenean zehar, eta proiektuaren aurkezpen publikoa egingo da bertan.

A Project Made of Voices Olga de Sotok azken urteetan garatu duen lanetik loratu da. 1932an estreinatutako lan batetik abiatuta, proiektua kulunkan dabil gorputz-memoriaren azterketa, dantzaren historiarekin lotutako ikerkuntza eta pertzepziozko memoriaren azterketaren artean.

Zenbait urtez bildu den eta elkarrizketa asko (frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta alemanez) dituen audio-artxibo zabal batetik abiatuta, A Project Made of Voices ekimenaren helburua da aztertzea koreografoari ahozko dokumentuaren gaineko lanean sakontzeko, eta aztarna, oihartzuna, erresonantzia eta sedimentua bezalako gaiak ikertzeko aukera emango dioten formak.

A Project Made of Voices lanean, De Sotok bi lan-ildo urratuko ditu. Lehenengoan esanahiaren eta zentzuaren kontua izango da ardatza, objektu dokumental bat irudikatzeko. Bigarrenean, ahotsa materia fisiko bezala esploratuko du, arrazoibideen eta kontaeren norabidearekiko tarte bat hartzea eragiteko asmoarekin, jolasean ibili ahal izateko hitzekin, hizkuntzarekin, azentuekin, tonuekin, intonazioarekin, eta objektu abstraktu baten kontzeptuan barneratzeko.

Olga de Soto koreografoa eta dantza-arloko ikerlaria da; Valentzian jaio zen eta Bruselan bizi da. Angerseko Dantza Garaikideko Zentro Nazionalean lizentziatu zen, Valentzian eta Madrilen dantza klasikoa, dantza garaikidea eta solfeoa ikasi ondoren.

Haren sormen lanak 1992an hasi ziren, eta 2000. urtearen hasieraz geroztik memoriaren eta arte eszenikoaren eragina aztertzen ditu gehienbat, horien erabilgarritasuna eta iraunkortasuna, bi ardatzetan finkatuta: Lehenengoan ardatza gorputzaren memoria aztertzea da, eta bigarrenean Dantzaren Historia arakatzen da obra jakin batzuk ikusi dituzten ikusleek eta interpretatu dituzten dantzariek obrekiko duten pertzepzioaren eta oroimenaren bitartez; horretarako, dokumentu ugari interpretatu, bildu eta sortu ditu: dokumentu testualak, ikonografikoak, ahozkoak eta ikus-entzunezkoak.

Haren lana hogeiren bat herrialdetan erakutsi izan dute, eta maiz gonbidatzen dute hainbat unibertsitatetan tailerrak eta hitzaldiak ematera edo haren laneko metodologia partekatzera. 2013an Belgikako Autore eta Konpositore Dramatikoen Elkartearen saria jaso zuen Arte Eszenikoen kategorian, bere ibilbide osoagatik, eta bereziki Kurt Joossen Der Grüne Tisch -Mahai berdea- lanaren inguruan egindako ikerkuntza- eta sormen-lanagatik.

Jarduera hau Azala sormen-gunearekin elkarlanean gauzatuko da.

 

 

 

 

 

 

 

Ostirala, 5 Maiatza, 2017 - 21:00

Naufragio en la costa vasca (c. 1890. Archivo Municipal de Bermeo)Naufragioa euskal kostan (1890. Bermeoko Udal Artxiboa)

 

Etorkizuneko liburua ekitaldi honen barruan, ibilaldia egingo dugu Euskal Herria ontzian Bilboko itsasadarrean zehar.

Irteteko eta iristeko ordua:
21:00 eta 23:00.

Irteteko eta iristeko lekua:
Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkartea
Plaza del Solar z.g.
48920 – Portugalete

Jardueran parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

2013an ikusi nuen A Voyage on The North Sea (1973-1974) Bulegoa z/b ekimenak antolatutako Filiep Tacqen hitzaldi batean. Marcel Broodthaersen lana liburua den filma eta filma den liburua da aldi berean, eta itsasontzi baten margolana du abiapuntu. 2013an BAPORAK egiten ari nintzen ni neu, ardatza itsasontzi bat duen lana, itsasontzi baten erretratua, hain zuzen. Proiektuaren ataletako bat liburu bat osatzea zen. Hitzaldiaren ondoren, Filiep Tacqekin hitz egin nuen, eta lanean hasi ginen. Handik tarte batera, liburu-diseinatzaileak Etorkizuneko liburua jarri zuen abian Bilboko arte eta ezagutzaren bulegoarekin lankidetzan.

BAPORAK lanaren ardatza Indiar Ozeanoan arrantzan aritzen diren euskal atunketarien ontzidiaren argazki-katalogoa egitea da. Itsasontzien argazki horietako bakoitzak itsasontzien erretratuak margotzeko eskema formal klasikoa jarraitzen du –ontziok miniaturazko hiriak ere badira, teknologiarik berrienekin ekipatutako makinak eta benetan emankorrak diren lantegiak–. Proportzio konstanteko itsasoaren eta zeruaren gainean marraztuta, XXI. mendeko ontzi horien profil zorrotzak aldi berean agerrarazi eta ezkutatu egiten du nekez azaltzen den errealitate bat: ozeanoetan gertatzen dena, erauzteko jarduerak eta ekonomia globala sostengatzen duen merkataritza-trafiko bizia.

Itsasontzia objektu bakana da. Haren formak uretatik irteten diren beste bi figura gogorarazten dizkigu: uhartea eta balea. Haiek ez bezala, forma kulturala da, denbora eta ahalegina eskatzen dituen arkitektura mugikorra, eta lehorrean osatzen da, uretatik hurbil dagoen leku batean. Etorkizuneko liburua ekitaldiaren barruan, ibilaldia egingo dugu Euskal Herria ontzian Bilboko itsasadarrean zehar. Ibilbidea osatu bitartean, inguruko ontzigintza-industriaren historia luzeko antzinako eta gaur egungo ontziolen kokaguneak bisitatuko ditugu. Horietako zenbaitetan egin zituzten BAPORAK laneko argazkietan jasota dauden atunketari ontzietako batzuk. Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkartearen itsasontzian egingo den bidaia pasiera zinematografiko bat izango da.

Mikel Eskauriaza (Bilbo, 1969) artista Berangon bizi da. Laurogeita hamargarreneko hamarkadaz geroztik, argazkilaritza-arloa eta paisaia-generoa lantzen ari da. Lurraldearen gainean arkitektura- eta hirigintza-arloetako interbentzioak egiteko modu desberdinak eta horien ondorio fisikoak, politikoak, ekonomikoak eta sinbolikoak behatzeko, dokumentatzeko eta interpretatzeko tresna bezala erabiltzen du argazkilaritza.
www.mikeleskauriaza.com

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.

 

 

 

 

OHO
Osteguna, 4 Maiatza, 2017 - 10:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bulegoa z/b ekimenak aurrera jarraitzen du Olatz González Abrisketak eta Susana Carro Ripaldak koordinatuta “kosmopolitika” terminoaren inguruan abiarazitako irakurketa-saioekin.“Kosmopolitika” terminoa Isabel Stengersek proposatu zuen 1996an, "mundu komunaren" edo "ondasun komunaren" edo "asmo onen" eta, beraz, ustezko mundu bakar hori ordezkatzeko ahots batzuek duten ahalmenaren existentzia ukatzen duen politika egiteko forma bat iradokitzeko. 

Saioak 2 edo 3 orduko iraupena izango du. Koordinatzaileek sarrera egin ondoren, eztabaidari ekingo zaio, proposatutako irakurketa eta esparru-galdera batzuk oinarritzat hartuta: Zenbateraino da bideragarria proposamen kosmopolitikoa? Nola onartu eta sartu erabakiak hartzean kolektibo "ikusezinak" edo bestelako izakiak? Politika egiteko beste forma batzuk egon al dira?

2017ko maiatzaren 4rako proposatutako testua. Marisol de la Cadena (2010). “Indigenous Cosmopolitics in the Andes”. Cultural Anthropology, 25. lib., Issue 2, 334-370 or.

HURRENGO SAIOAK ETA TESTUAK:

2017ko ekainaren 1a. Mario Blaser (2016). “Is another cosmopolitics possible?” Cultural Anthropology, 31. lib., Issue 4, 545-570 or.

Parte hartzeko eta proposatutako testuak jasotzeko, idatzi hona: bulegoa@bulegoa.org

Susana Carro Ripalda (Bilbo, 1965) antropologoa da, eta irakaslea izan da Edinburgo, Glasgow eta Durham-go unibertsitateetan. Gaur egun, Bizkaia:talent programako ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroan. Haren lanaren ardatza zientzia eta teknologia, bioetika, harreman interespezifikoak, pertsoneitatea eta erlazionalitatea dira, betiere nazioarteko ingurune konparatiboetan kokatuta (Mexiko, Brasil, India, Erresuma Batua eta Euskal Herria).

Olatz González Abrisketa (Bilbao, 1973) antropologoa eta UPV/EHUko irakaslea da. "Identitatea eta aldaketa soziala" taldeko ikertzailea da, eta gehienbat kirola eta generoa ditu aztergai. Txandaka lantzen ditu ekoizpen idatzia eta ikus-entzunezkoak, eta haren “Pelota Vasca: un ritual, una estética” liburua (2005) eta Jørgen Leth-ekin batera zuzendu zuen “Pelota II” filma (2015) nabarmentzen dira gehienbat. 2013an Bulegoa z/b ekimenarekin aritu zen lankidetzan, “Irakurketa perspektibistak” izeneko mintegian.

Biak elkarrekin zenbait irakurketa-talde antolatu dituzte antropologiako gaur egungo korronteak lantzeko, eta “La apertura ontológica de la antropología contemporánea” (2016) artikulua argitaratu dute.

 

OHO
Osteguna, 6 Apirila, 2017 - 19:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Marcel Broodthaersen Un coup de dés jamais n’abolira le hasard liburua (1969) abiaburutzat hartuta, Amaia Urrak irakurketa berezi bat egiten du Belgikako artista horren testuez eta elkarrizketez. 

Dado-jaurtialdi bat balitz bezala, hitzak etortzen dira, bata bestearen ondotik, konbinazio berriak sortzen, eta hizkuntzaren ezkutuko presentziak gogora ekartzen aldi berean. “Bla: la hizkuntza la la Me” edo “Bla: Irakurketa la la la la” dira artistak saio honetarako iradoki dizkigun beste titulu batzuk. Biek ala biek toles semantikoak zabaltzen dituzte, Broodthaersen obra norbere ahotsaz irakurtzeko bestelako formak abian jarriz.

Amaia Urra (Donostia, 1974). Hizkuntza, kantatutako /hitz egindako hitza eta ekintza edo gauzak izendatzeko zailtasuna ditu lanaren ardatz, eta hainbat testuingurutan aurkeztu izan du, adibidez, hauetan: Art nomade, rencontre internationale d'art performance de Saugenay (Axeneo7 & SAW Gallery, Gatineau-Otawa), Líneas de acción (Casa Maauad, Mexiko Barruti Federala), In-presentable (Casa Encendida, Madril) Radiodifusión: Emisión 0 y Emisión 1., Mugatxoan (MST, Donostia-San Sebastián), First Thought Best (Artium, Vitoria-Gasteiz), Musac, Museo de Arte contemporáneo (León), Festival Plastique danse flore (Versailles), Zarata Fest, Musika bitxien eta antzekoen jaialdia (Bilbo-Madril), Tabakalera (Donostia-San Sebastián), Festival 2D2H (Hondarribia-Hendaia), Ecolalias RSS (Radio del Reina Sofía, Madril), PAF Performing Arts Forum (St. Erme).

1999. eta 2009. urteen artean, hainbat koreograforekin aritu zen elkarlanean, besteak beste, Jérôme Bel, Xavier le Roy, Ion Munduate, Juan Domínguez, Cristina Blanco, Cuqui eta María Jerezekin. 1998an, Mugatxoan-en 1. tailerrean parte hartu zuen Artelekun, eta, gero, hainbat aldiz jardun zuen lankidetzan haiekin.

 

 

 

 

OHO
Osteguna, 6 Apirila, 2017 - 10:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bulegoa z/b ekimenak aurrera jarraitzen du Olatz González Abrisketak eta Susana Carro Ripaldak koordinatuta “kosmopolitika” terminoaren inguruan abiarazitako irakurketa-saioekin. “Kosmopolitika” terminoa Isabel Stengersek proposatu zuen 1996an, "mundu komunaren" edo "ondasun komunaren" edo "asmo onen" eta, beraz, ustezko mundu bakar hori ordezkatzeko ahots batzuek duten ahalmenaren existentzia ukatzen duen politika egiteko forma bat iradokitzeko.

Saioak 2 edo 3 orduko iraupena izango du. Koordinatzaileek sarrera egin ondoren, eztabaidari ekingo zaio, proposatutako irakurketa eta esparru-galdera batzuk oinarritzat hartuta: Zenbateraino da bideragarria proposamen kosmopolitikoa? Nola onartu eta sartu erabakiak hartzean kolektibo "ikusezinak" edo bestelako izakiak? Politika egiteko beste forma batzuk egon al dira?

2017ko apirilaren 6rako proposatutako testua. Donna Haraway (2016). Manifiesto de las especies de compañía. Sans Soleil editoriala. (I., II., eta III. kapituluak, 9-72 or.).

HURRENGO SAIOAK ETA TESTUAK:

2017ko maiatzaren 4a. Marisol de la Cadena (2010). “Indigenous Cosmopolitics in the Andes”. Cultural Anthropology, 25. lib., Issue 2, 334-370 or.

2017ko ekainaren 1a. Mario Blaser (2016). “Is another cosmopolitics possible?” Cultural Anthropology, 31. lib., Issue 4, 545-570 or.

Parte hartzeko eta proposatutako testuak jasotzeko, idatzi hona: bulegoa@bulegoa.org

Susana Carro Ripalda (Bilbo, 1965) antropologoa da, eta irakaslea izan da Edinburgo, Glasgow eta Durham-go unibertsitateetan. Gaur egun, Bizkaia:talent programako ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroan. Haren lanaren ardatza zientzia eta teknologia, bioetika, harreman interespezifikoak, pertsoneitatea eta erlazionalitatea dira, betiere nazioarteko ingurune konparatiboetan kokatuta (Mexiko, Brasil, India, Erresuma Batua eta Euskal Herria).

Olatz González Abrisketa (Bilbao, 1973) antropologoa eta UPV/EHUko irakaslea da. "Identitatea eta aldaketa soziala" taldeko ikertzailea da, eta gehienbat kirola eta generoa ditu aztergai. Txandaka lantzen ditu ekoizpen idatzia eta ikus-entzunezkoak, eta haren “Pelota Vasca: un ritual, una estética” liburua (2005) eta Jørgen Leth-ekin batera zuzendu zuen “Pelota II” filma (2015) nabarmentzen dira gehienbat. 2013an Bulegoa z/b ekimenarekin aritu zen lankidetzan, “Irakurketa perspektibistak” izeneko mintegian.

Biak elkarrekin zenbait irakurketa-talde antolatu dituzte antropologiako gaur egungo korronteak lantzeko, eta “La apertura ontológica de la antropología contemporánea” (2016) artikulua argitaratu dute.