LEHEN BILERA. Erakusketaren saioa (1977-2017)

by

ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017). KOMISARIOTZARI BURUZKO NAZIOARTEKO SINPOSIOA

2017ko irailaren 21etik 23ra

Bulegoa z/b ekimenak eta Azkuna Zentroak Erakusketaren saioa (1977-2017) Komisariotzari buruzko Nazioarteko Sinposioa antolatuko dute 2017ko irailaren 21ean, 22an eta 23an.

Erakusketaren saioa (1977-2017) proiektua 2016an jarri zen abian, hitzaurre batekin, eta hiru urtez luzatuko da, nazioarteko hainbat bileratan. Proiektuaren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu, eta saioaren ideiarekin duten harremana ikertu nahi da.

Lehen bilera (1977-1987):
Lehen bilerak 1977-1987 hamarkada izango du ardatz, eta 2017ko irailean egingo da. Denboraldi horri buruzko begirada desberdinak jarriko ditu harremanetan, orainalditik abiatuta, eta garai hartako testuinguru politikoa, kulturala eta soziala aintzat hartuta; eta artearekin eta erakusketaren ideiarekin duten harremana aztertuko du. Programari jarraiki, Tamara Díaz Bringas, Bojana Kunst, Dora García, Carles Guerra, Franco Berardi Bifo eta Adrian Heathfield-ek hitzaldiak egingo dituzte, eta azken biek bi mintegi gidatuko dituzte.

Hitzaldiak: sarrera dohainik gonbidapenarekin (jaso Infopuntuan), eserleku guztiak bete arte.

PROGRAMA

2017ko irailaren 21a
10:30-14:00. Espiritu-afinitateak. Mintegia Adrian Heathfield-en eskutik

18:00. Aurkezpena. Lourdes Fernández eta Bulegoa z/b
18:30. 80ko hamarkadan ez nekien guztia. Dora García
19:30. 1979. Une erradikalei egindako monumentua. Carles Guerra

20:30. Eztabaida

2017ko irailaren 22a
11:00-14:00. Kaosaren esferan. Iraultza sobietikoa izan eta ehun urte ondoren. Mintegia Franco Berardi Biforen eskutik

18:00. Argitara ateratzen: praktika feministak, bizitza autonomoa eta erakusketa. Bojana Kunst
19:00. Urak ibai bat itoko ez balu. Tamara Díaz Bringas
20:00. Iraupenaren errekurrentzia bat. Adrian Heathfield

21:00. Eztabaida

2017ko irailaren 23a
12:00. Etorkizuna amaitu zen urtea. Franco Berardi Bifo

13:00. Eztabaida
13:30. Amaiera-ekitaldiko ardoa

 

80ko hamarkadan ez nekien guztia. Dora García
Arte Ederrak ikasi nituen, lehenik Salamancan eta gero Amsterdamen, 1985. eta 1991. urteen artean. Garai hartan, artistak rock star-ak ziren, eta artista izan nahi zutenak rock star-ak izan nahi zutenen modukoak ziren. Espainian matxismo izugarria zegoen (eta orain ere badago), eta gizonezko jenio heterosexual eta hipersexualaren mitoa bizi-bizirik zegoen (gaur egun, ez hainbeste, uf). Horixe da, behintzat, nik gogoan dudana. Jende guztiak nahi zuen New Yorkera joan, galeria batean fitxatuta egon, gauzak saldu oso prezio handietan. Schnabel –guztiz maitatua Madrilen– eta Barceló ziren ereduak. Antza, ez zegoen beste hautabiderik. Eta, hala ere, garai hartan, Group Material eta Félix González Torres zeuden. Lee Lozano zegoen eta David Hammons ere bai (eta badago). Ulises Carrión zegoen, eta Jack Smith, eta Charlotte Posenenske ere bai (ordurako, artista ez bazen ere). Lehenago, Ana Mendieta izan zen, eta Glauber Rocha eta Leon Hirszman, eta hegoko kontzeptualismoak ere izan ziren, Tucumán Arde, Graciela Carnevale, Helio Oiticica, Lygia Clark eta Cildo Meireles-ekin. Izen horiek guztiak funtsezkoak izan ziren nire eta nire belaunaldiko artisten lanean. Eta, hala ere, urte haietan, José Luis Break “suhartasunaren ondoko” garaia izendatutako aldian, inork ez zidan haietaz hitz egin.

1979. Une erradikalen omenezko monumentua. Carles Guerra
La estética de la resistencia liburua arraroa da oraindik ere. Eleberria ez ezik, programa estetikoa ere bada. Argitalpenak 1975-1981 bitartean arrakasta handia izan zuen arren, berehala geratu zen ahaztuta. Mundu garaituaz ematen zuen irudia ez zetorren bat, inola ere, laurogeiko hamarkadako marea neokontserbadorearekin. Iritzi kontrajarriak eragiten ditu oraindik. Nolanahi ere, Harun Farocki-k berehala ulertu zuen liburuaren berebiziko garrantzia, haren bigarren liburukia 1979an argitaratzean. Gaur egun, Peter Weiss idazlearen testu monumental hori autobiografia ameslari bat izango balitz bezala irakur daiteke, kontakizun historikoan harrapatutako gertaeren ezohiko deskribapena jasotzen duela. Eleberrian, Espainiako gerra zibilean eta bigarren mundu-gerran izandako harreman gertagaitz bat deskribatzen du Weissek, eta ahalmen ikaragarriko pedagogiarako agertoki gisa erakusten ditu gerrak eta gatazkak; hala, herri-pedagogia estetikoa azaleratzen da elkarrizketa-truke monumental horretatik. Oraintxe bertan, gure gaitasuna eta konexioen mundu baten itxaronaldia La estética de la resistencia eleberrian islatuta daude. Hortxe dago eredua, paradoxez betea, eztabaida sakonagoa behar duen kronika faltsu baten modura; batez ere, praktika dokumentalen izaera enpirikoa berriz aztertzeko interesa duten horientzat da garrantzitsua. Irakurri ondoren, ondoriozta genezake XX. mendeko funtsezko eskuliburu estetikoetako bat dela aitortzea merezi duela Weissen liburuak. Eleberri baterako inor iradokitzera ausartu ez den esparruan.

Liburu horretan oinarritutako erakusketaren proiektuari heldu nionean, 1979. urtearen inguruan izandako ezin konta ahala gertakari etorri zitzaizkidan burura. Puntuak lotuz sortzen diren marrazkietan bezala, gertakariak lotzen joan ahala, ustekabezko Gestalt bat sortu zen.

Argitara ateratzen: praktika feministak, bizitza autonomoa eta erakusketa. Bojana Kunst
Hitzaldi honetan, 1979. eta 1989. urteen arteko denboraldiko praktika artistiko feminista batzuk aurkeztuko ditut. Praktika horiek berariaz aztertu zuten erreprodukzio-esfera hau da, lehen belaunaldiko feminismoaren borroken foku nagusia izan zena berrantolatzeak ez zuela ezinbestean ekarri bizitza askeago eta emantzipatuago bat, kontrakoa baizik. Emakume askok erreprodukzio-arloan kokatu zituzten emantzipaziorako borrokak, eta, horri esker, egile feminista horietako batzuk ohartu ziren subjektibotasun auto-antolatu, malgu eta prekario berri horiek, eta bere burua autonomotzat hartzen zuen bizitza afektibo horrek sortzen zituzten paradoxez. Denboraldi horretako egile feminista batzuen lana hartuko dut ardatz, bereziki, Helke Sanders eta Sanja Iveković-ena. Izan ere, haien praktika artistikoen eta aktibisten bidez, praktika feministen paradoxazko ikusgaitasunean ardaztu ziren, eta praktika horiek hiriko eta espazio publikoko azpiegiturarekin jarri zuten harremanetan. Egile horiek erakutsi zuten borroka feministaren lurraldea eta erakusketaren lurraldea ez direla lan-espazio bat, ez eta etxe bat ere. Hain zuen, azpiegiturako, metropoliko eta hiriko baliabide hori dira, egunero mugitzeko duguna, baina, aldi berean, bizi-baliabideen eta bizitza autonomoa izateko laguntzaren eskasiak definitzen duena.

Urak ibai bat itoko ez balu. Tamara Díaz Bringas
Rainer Wittenborn artistak eta Claus Biegert idazleak 1981ean San Frantziskoko MoMAn aurkeztu zuten erakusketa da James Bay Project. A River Drowned by Water. Proiektuak Kanadako indigenen lurrak urez estali zituen presa bat du ardatz. Rolando Castellón (Nikaragua, 1937) MoMAko kuradore-lanetako azken aldian egin zuen azken erakusketa izan zen. Castellón artista eta kuradore autodidakta gonbidatu baitzuten 1972an, San Frantziskoko MoMAko taldean sar zedin. “Komunitateei” zuzendutako programa baten buru izango zen, hiri horretan 1969tik jardunean zegoen Galería de la Raza-ren sorrera bultzatu ondoren. Castellón-en egitekoa, haren artelan bizia, atzerritar, amateur, anti-kolonial eta “post-kolonbotar” gisa dituen jarrerak ondoan ditugu, erakusketaren gramatikei –beste gramatika batzuen artean– galdezka hastean.

Iraupenaren errekurrentzia bat. Adrian Heathfield
Adrian Heathfield idazle eta komisarioak Tehching Hsieh artistaren lanaz hitz egiten du, arestian egindako elkarlana ardatz gisa hartuta: Veneziako Bienalaren 67. edizioko Taiwango pabiloiko Doing Time erakusketa. Hsieh bereziki ezaguna da aurreko mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta laurogeiko hamarkadaren hasieran egin zituen performanceak direla eta. Ia urtebeteko iraupena zuten performance horiek muga fisikoak eta psikologikoak gainditu, eta denbora material artistiko gisa seinalatzen zuten. Heathfieldek gogoeta egiten du kuradore-praktikaz eta performanceaz, eta iraupenarekin eta iraunkortasunarekin, eta geratu diren aztarnekin dituzten harremanez. Hsiehen artelanak duen ahalmen iragarlea du hizpide, kapitalismoak lana birformulatzeko eta arautzeko baliatu duen moduari eta bizitza azkartzeari dagokienez.

Etorkizuna amaitu zen urtea. Franco Berardi Bifo
1977. urtea historiako inflexio-puntua izan zela jo daiteke. Alde batetik, urte horretan hasi zen finkatzen neoliberalismoa eta komunikazioko teknologia berriak azaldu ziren; bestetik, izaera post-politikoa zuen kultura-mugimendu erradikal bat abiarazi zen, No future hitzek gizarteak zuen antsietatea adierazten zuten bitartean.

Handik berrogei urtera, nolabait esan daiteke 1977. urtean etorkizunarekiko konfiantza bukatu zela, eta, era berean, ezegonkortasunaren sasoia jarri zela abian.

MINTEGIAK

Espiritu-afinitateak. Mintegia Adrian Heathfield-en eskutik
Heathfield-ek Spiritual Labour (Lan espirituala) proiektatu eta eztabaidatuko du, orain dela gutxi Hugo Glendinning-ekin batera egin duen lana. Performancearen iraunkortasuna ardatz duen film honek belaunaldi eta forma desberdinen arteko lankidetzen ezaugarri energetikoak aztertzen ditu. “Espiritu-afinitateak” kontzeptua proposatzen du, afinitateak doi-doi ikus daitezkeen kulturako azpiegiturak direla ulertuta, denboraren poderioz nahasten eta, aldi berean, artista eta artelan desberdinen artean aldatzen diren transmisio tinkoen eta jarraikien saila. Filmak gogoeta egiten du “espiritu-afinitate” horietako baten inguruan, hain zuzen, Janine Antoni eskultorearen, Anna Halprin koreografoaren eta Hélène Cixous idazlearen artean taxututakoaren inguruan. Mintegian, performancearen biziraupen historikoa aztertuko da, “espiritu-afinitatearen” genealogiekin eta atzera begirako ekintzen komisariotzarekin harremanetan jarrita, eta artea ez-humanoa denarekin eta ezezaguna denaren boterearekin doitzeko prozesua aintzat hartuta.

Kaosaren esferan. Iraultza sobietikoa izan eta ehun urte ondoren. Mintegia Franco Berardi Bifo-ren eskutik
Iraultza sobietikoa promes modernoaren, Arrazoia errealitate historikoan gauzatzeko proiektuaren une gorena da. Postmodernitate izenez ezagutzen den garaiaren ondoko hamarkadetan, promes hori ilusio bilakatu zen. 1977an, punk kulturak aldarrikatu zuen etorkizunak porrot egin zuela prozesu progresibo eta hedakor gisa. 1989an, proiektu sozialistaren porrota egiaztatu zen. Hainbatek esan zuten historia amaitzen ari zela. Alde batetik, Fukuyamak, eta, bestetik, Negrik eta Hardtek; denek aldarrikatu zuten inperio neoliberalaren eternitatea. Ilusio bat zen, gaur egun, iraultza sobietikoa izan eta ehun urte igaro ondoren, Kaosa baita historiaren forma orokorra.

BIOGRAFIAK

Adrian Heathfield idazlea eta komisarioa da, eta zuzeneko arteetan, antzerkian eta dantzan egiten du lan. Tehching Hsieh artistari buruzko Out of Now monografikoaren egilea eta Perform, Repeat, Record and Live: Art and Performance lanen editorea da. Live Culture (Tate Modern, 2003) eta Performance Matters (2009-14) eta Curating the Ephemeral (2014-16) ikerketa sortzaileko baterako komisarioa izan zen. Orain dela gutxi, 2016ko Sydneyko Bienaleko komisario elkartua, 2016ko freethought of Bergen Assembly-ko baterako zuzendaria eta 2017ko Veneziako Bienaleko Taiwango pabiloiko komisarioa izan da. Performancea eta Kultura Bisuala irakasten du Londresko Roehamptoneko Unibertsitatean. 
www.adrianheathfield.net

Dora García artista era askotako baliabideak erabiltzen ditu, besteak beste, performancea, HD bideoa, testua eta instalazioa. Artistaren, artelanaren eta ikuslearen arteko elkarketa zein egoeratan izaten den aztertzen du bere praktikan, iraupena, sarrera eta irakurgarritasuna nozioak ardatz gisa hartuta. Sarritan, Garcíaren artelanek eszenaratzen dituzten gidoirik gabeko egoera hipotetikoek zalantza pizten dute egoera jakin baten fikziozko edo bat-bateko izaeraz, eta joko-arauak eta grabagailuak erabiltzeko baldintzak finkatzen dituzte, ohartuki edo oharkabean ikusleek parte hartzeko formak azaltzeko. Haren lanak jarrera marjinalen azpian dagoen ahalmen politikoa ere du ikergai, eta, artelan batzuen bidez, omen egiten die pertsonaia bitxi eta –batzuetan– antiheroiko batzuei. Garcíak ekitaldi hauetan hartu du parte: dOCUMENTA 13 (2012), Veneziako Bienala (2011, 2013, 2015), São Pauloko Bienala (2010), Sydneyko Bienala (2008), Skulptur Projekte Münster (2007), Istanbulgo Bienala (2003).

Carles Guerra artista eta komisario independentea da. Bartzelonan bizi da. Antoni Tàpies Fundazioa zuzentzen du 2015az geroztik. Haren egitarauan honako hauek topa ditzakegu: Harun Farocki. Enpatia, Espainian Harun Farockiri eskainitako lehen erakusketa monografikoa; 1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena, Euskal Herriko bake-prozesuari eta ETAren urteei buruzko gogoeta; eta bidean den ikerketa bat, Antoni Tàpiesen biografia politikoan oinarrituz Francoren diktadurapean modernismoa nola sortu zen aztertzen duena.

Bartzelonako MACBA Arte Garaikideko Museoko komisarioburua izan zen 2011 eta 2013 bitartean. Besteak beste, honako erakusketa hauek komisariatu zituen: Serie militarrak. Alexandr Sokurov, Portfolio Office Baroque. Gordon Matta-Clark, Roberto Rossellini. Beaubourg filmatzen, Ahlam Shibli. Mamu-etxea, Xabier Ribas. Nitratoa eta Art & Language osagabea. Philippe Méaille bilduma.

Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatge zentroko zuzendaria izan zen 2009-2011 aldian, eta han, beste proiektu batzuen artean, honako hauek antolatu zituen: Antifotokazetaritza (Thomas Keenan-ekin batera komisariatua), Bruno Serralongue eta 1979. Une erradikalen omenezko monumentua.

Haren lanbide-karreran, erakusketa hauek nabarmentzen dira: Arte eta hizkuntza praktikan, Erakusketa bat egiteari uztea. Perejaume, Albistearen ondoren. Postmedia dokumentalak, Egoerazko zinema. Joaquim Jordà, B eremua: Europaren ertzetan (Nuria Enguitarekin batera komisariatua) eta Hau ez da erakusketa bat.

La Vanguardia egunkariko Cultura/s izeneko kultura-gehigarriaren argitalpen-kontseiluko kidea izan da 2001etik aurrera. Saiakera ugari idatzi ditu, hala nola N de Negri (2000), Allan Sekula habla con Carles Guerra (2005) eta Negatives of Europe. Video Essays and Collective Pedagogies (2008).

Arte-kritikari eta komisario gisa izandako lanbide-karreraz gain, luze eta zabal jorratu du baldintza postfordisten menpeko kultura-politiken gaia.

2006an, doktoregoa lortu zuen Guerrak Bartzelonako Unibertsitatean, eta geroztik irakasle elkartua izan da Pompeu Fabra Unibertsitatean. Irakasle bisitari izan da Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat erakundetan. 2011n, Bartzelonako Hiria saria jaso zuen, ikusizko arteei egindako ekarpenagatik.

Franco Berardi “Bifo” (Bologna, 1949) Italiako idazle, filosofo eta asaldatzaile politiko-kultural bat da. Estetikako gradua eskuratu zuen Bolognako Unibertsitateko Filosofia eta Letretako fakultatean. “Radio Alice” sortu zuen, eta Italiako langileen autonomiako mugimenduko pertsona ospetsuenetako bat izan zen. Gaur egun, Hedabideen Historia Soziala irakasten du, Milango Accademia di Breran. 2002. urtean, “TV Orfeo” sortu zuen, Italiako lehen telebista komunitarioa. Egin dituen lanen artean, hauek nabarmentzen dira: La fábrica de la infelicidad, Traficantes de Sueños, Madril (2003); Generación Post-Alfa, Tinta Limón, Buenos Aires (2007); The Soul at Work: From Alienation to Autonomy, Semiotext(e), Los Angeles (2007); Precarious Rhapsody: Semiocapitalism and the Pathologies of the Post-alpha Generation, Minor Compositions, London (2009); After the Future, AK Press (2009); Félix, Editorial Cactus, Buenos Aires (2013); Después del futuro. Desde el futurismo al cyberpunk. El agotamiento de la modernidad, Enclave editorial, Madril (2014).

Bojana Kunst filosofoa, dramaturgoa eta performancearen teorialaria da. Antzerki Aplikatuko Ikasketen Institutuko irakaslea da, Giessen-eko Justus Liebig Unibertsitatean, eta koreografiari eta performanceari buruzko nazioarteko masterreko programa bat zuzentzen du hor. MaskaAmfiteater eta Performance Research aldizkarietako edizio-batzordeko kidea da. Artist at Work, Proximity of Art and Capitalism da idatzi duen azken liburua (Zero Books, Winchester, 2015).
http://kunstbody.org

Tamara Díaz Bringas (Kuba, 1973. Madrilen bizi da). Ikertzailea eta kuradorea. Orain dela gutxi Erdialdeko Amerikako X. Bienaleko kuradore nagusia izan da Costa Rican (2016). Artearen Historiako lizentzia eskuratu zuen Habanako Unibertsitatean 1996an, eta Bartzelonako MACBAko Ikasketa Independenteen Programako gradua ere bai 2009an. 1999. eta 2009. urteen artean, TEOR/éTica proiektuko kuradore laguntzailea eta edizio-koordinatzailea izan zen, Costa Ricako San Josén. Kuradore-lan hauek egin ditu, besteak beste: Playgrounds. Reinventar la plaza –Manuel J. Borja-Villel eta Teresa Velázquezekin batera–, Museo Reina Sofía, Madril, 2014; kuradore laguntzailea Erdialdeko Amerikari eskaini eta Santiago Olmok zuzendutako 31 Bienal de Pontevedra: Ut(r)ópicos bienalean (Galizia, 2010). Estrecho Dudoso kuradore-lana egin zuen, Virginia Pérez-Rattonekin batera, San Josén (2006). TEOR/éTica proiektuak haren saiakeren hautaketa bat eman du argitara Crítica próxima liburuan 2016an.

www.azkunazentroa.eus