Hamalaugarren ikasgaia: bukaera eramangarriak. Bridget Currie

by

2007-08 urteetan zehar Japonian bizi izan nintzen CCA Kitakyushu beka bati esker. Hasieran, denbora eta hondamena ardatz nagusitzat hartuta, Japoniako estetikaren eta mendebaldeko estetikaren artean dauden desberdintasunak ikertu nahi nituen. Azkenean, Japoniako kontserba-janariaren eta ozpinetakoen (Tsukemono) tradizio itzelak liluratu ninduen. Denbora joaten uztea metodo gisa erabiliz, jateko gordina eraldatzea bezalakoa zen, beste zerbait bihurtzea. Gatzak eta presioak durundi egiten zuten metaforikoki, lehenagotik eskulturan lantzen ari nintzen fluxua, denbora eta pisua bezalako ideiekin batzean. Eta honelako galderak eragin zizkidan ikerketak: ozpinkiak, bizirik daude ala hilda? Edo bitarteko egoera batean, beharbada? Zertan dira desberdin usteltzea eta hartzitzea? Balio kulturaleko kontuak dira guztiak ere, eta pertzepzioaren definizio estetikora eratortzen dira zentzu zabalean. 

Oraintsu, Lituanian izan naiz, Ruperteko egoitza batean. Lituanian ere, aspaldi handikoa da hartzidurarako tradizioa, eta hantxe jarraitu nuen nire ikerketa lana. Esnearen hartzidurako printzipioak izango dira aurkezpen honen ardatza, eta aztertu egingo dugu etxeko tekniken bidez nola uztar daitezkeen denbora, zainketa eta ekoizpen-presioa. Ariketa praktiko batekin bukatuko dugu saioa: hartzitutako esneki ozpinetako bat ekoitziko dugu.

Tailerrean parte hartzeko, ekar ezazu 300/400 gramoko edukiera duen kristalezko poto bat, tapa eta guzti.

Bridget Curriek dioenez, eskultura lantzen du, baina bere lanaren barruan performancea, janaria eta pintura sartzen dira. Bizitzako eta heriotzako indarrek munduari nola eragiten dioten jakiteko nahia ikus daiteke egiten duen lanaren barruan. Azken hamar urteetan zehar, hiztegi pertsonala garatu du formen eta ekintzen inguruan, honako material hauek erabiliz: zura, ogia, gatza, lokatza, ehuna edo landareak eta euren ezaugarriak. Bada denbora bat Currie animismoarekin interesatuta dabilela, objektu artistikoak ulertzeko sistema paralelo moduan. Eskultura abstraktua praktikatuz, biziaren eta presentziaren mugak ikertzen ditu. Objektuak mundu bizidunaren bisitari eta protagonista izan daitezke era berdinean, txotxongiloen erabilera eta performancea (mugimenduko kideak), antzezpena (agertokia set moduan) edo hartzidura (bizia zelula mailan) bezalako praktikekin.