Esperanza Collado: “Orain, Mallarmé hilda dagoela, bota ditzagun dadoak zinemaren nozioaren gainean”. “Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen hamaikagarren saioa

by

Saioan, zinemak liburuarekin eta testuarekin izan ditzakeen harremanak aztertuko ditugu. Un Coup de dés jamais n’abolirá le hazard hartuko dugu ardatz nagusitzat, espazio garaikidearen sortzailetzat hartzen den Stéphane Mallarméren poema, Marcel Broodthaersek “objektu zehatza” bilakatua. Belgikako artistaren eredu zinematografikoaren gako batzuk ikertuko ditugu, eta gako horiek beste artista batzuen lanarekin -norberarenarekin ere bai- nola eratzen dituzten elkarrizketak landuko dugu.

Saioaren hasieran, Things Said Once / Cosas dichas una vez / Behin esandako kontuak aurkeztuko dugu, adierazpen artistikoa eta zinemaren laudorioa, testua eta haren irakurketa proiekzio eta performance gisa aurkezten dituena.

Horren ondoren, Broodthaersen eredu zinematografikoaren kezka nagusietako batzuekin harremanetan dauden lan batzuetara hurbilduko gara. Bertan, Mallarméren denborari eta Baudelaireren sekuentzialitatearen arazoari egiten zaie dei, mugikortasuna eta estatikoa, espazialtasuna eta puntuazio-ikurrak, eskua eta begia, orria eta fotograma bateratzeko.

Saioaren azken herenean, idazketa zuzeneko ariketak egingo ditugu denen artean 16 mm-ko filmaren gainean, eta, gero, proiektatu egingo dugu.

Esperanza Colladok (Valentzia, 1976) arte plastikoen, arte performatiboen eta zinemaren artean izan daitezkeen harremanak lantzen ditu. Paracinema: la desmaterialización del cine en las prácticas artísticas liburuan, hausnarketa kritikoa egiten du zinemaren jarduera “adiziplinario” bati buruz, eta galderak egiten ditu baliabideak duen bokazio filosofikoaz. Azken hiru urteetan, toki hauetan aurkeztu ditu performanceak: Lajevardi Foundation (Teheran), Images Festival (Toronto), Duodécima Bienal de La Habana (Kuba), Art Cinema OFF-off (Gante), Palais des Beaux-Arts de Bruxelles, MAC Val (Paris), Laboral (Gijón), CA2M, MUSAC, CCCB, Temple Bar Gallery (Dublin), Azala (Lasierra, Araba), Art Centre Ongoing (Tokio), etab. Aldi berean, doktoregoko tesia idazten aritu bitartean, Collado zinema esperimentalari buruzko programen, erakusketen eta horren ondoriozko jardueren komisarioa izan da, Dublingo hainbat tokitan. Hitzaldiak eta biltzarrak egin ditu, eta testuak argitaratu ditu aldizkarietan eta katalogoetan, Orain, LEVE landa-grabazioen proiektua partekatzen du Rafa Martínez del Pozorekin (AA Tigre), eta Cuencako Arte Ederren Fakultateko irakaslea da.

Saioan parte hartzeko eta irakurgaia jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.