ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017). KOMISARIOTZARI BURUZKO NAZIOARTEKO SINPOSIOA. BIGARREN TOPAKETA. AZKUNA ZENTROAN

by

2019ko uztailaren 9tik 10era, Azkuna Zentroan.

Erakusketaren saioa (1977-2017) Azkuna Zentroak eta Bulegoa z/b ekimenak elkarlanean landutako proiektu bat da. Haren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu, eta saioaren ideiarekin duten harremana ikertu nahi da. Horretarako, nazioarteko topaketa batzuk izaten ari dira, bakoitza hamarkada batean ardaztuta. Orain arte, bi topaketa izan dira: lehena, Atarikoaren formatuan, eta bigarrena, 1977. eta 1987. urteen arteko hamarkadari eskainia. 2019ko uztailaren 9 eta 10ean izango den topaketan, 1987-1997 hamarkadako kasuak aztertuko dira.

II Topaketa (1987-1997)
1987-1997 aldiko urteetan, hurrengo hamarkadetan eragin bizia izan zuten aldaketa batzuk jarri ziren abian: 1989an Berlingo harresia erori ondoren izandako berrantolamendu geopolitikoa eta, ondorioz, ideologiaren amaieraren aldarrikapena, globalizazioko prozesuen azkartzea, HIESAk eragindako krisia… Artearen arloan ere aldaketen prozesu hori nabarmen sentitu zen.

1980ko hamarkadaren amaieran, arte garaikidearen “boom-a” izenekoa hasi zen. Gertaera honen bereizgarri gisa, bizirik zeuden artisten artelanen merkatuko balioa igo zen, eta arte garaikideko museoak, bienalak eta erakusketa handiak ugaldu ziren mundu osoan barrena. Bestalde, artearen boom-ari lotuta, museoko instituzioak ardatz izango dira, hiriaren eredu ekonomiko berria turismoa erakartzeko polo gisa antolatzeko.

Euskal Herriari dagokionez, hamarkadaren hasieran, Arteleku jarri zen abian 1987an, Donostian; eta hamarkadaren amaieran, berriz, Guggenheim Bilbaok zabaldu zituen ateak, hiriaren eredu global berri bati hasiera eman zion museoa, turismoa eta kulturaren kontsumoa erakarpen gisa hartzen dituen ereduari.

Hizlari gonbidatuak: Aimar Arriola, Rachel Weiss, Joaquín Vázquez Ruiz de Castroviejo, Ines Schaber, Corinne Diserens, Catherine David.

PREZIOA
Egun bat: 10/8€ (Az txartela/ikasleak)
Bi egun: 18/15€ (Az txartela/ikasleak)

PROGRAMA*
Asteartea, uztailak 9a:
17:00h: Aurkezpena. Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria, eta Bulegoa z/b
17:30h: Aimar Arriola: Urrutitik (txarto) ikustea: GIB/Hiesaren krisia berrikusten
18:30h: Rachel Weiss: Eskualdeko globalismoa: nola birdefinitu zuen eztabaida Habanako bienalak
19:30h: Joaquín Vázquez Ruiz de Castroviejo: El Sueño Imperativo eta Plus Ultra (Aginduzko ametsa eta Plus Ultra) Praktika artistikoak eta sare politikoa 1992. urtearen inguruan
20:30h: Debatea
21:00: Hasierako-ekitaldiko ardoa

Asteazkena, uztailak 10a:
11:00-14:00h: Komunikazioak
17:00h: Aurkezpena
17:30h: Ines Schaber: Hiri-interbentzioak
18:30h: Corinne Diserens: Puente…de pasaje (Bilbo), mende laurden bat igaro ondoren
19:30h: Catherine David: documenta X. (1997) komisarioarekin elkarrizketa
20:30h: Debatea

* Aldibereko itzulpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

HITZALDIAK
Aimar Arriola: Urrutitik (txarto) ikustea: GIB/Hiesaren krisia berrikusten
Hitzaldi hau ‘Ihesaren krisiaren berrikuspena’ izenekoaren barruan txertatzen da. Esaera horrekin ematen da aditzera GIBaren etenik gabeko krisialdiko lehen bi hamarkadetako baldintza historikoen, sozialen eta kulturalen ikertze- eta aztertze-lana, azken urteetako artisten, komisarioen eta ikertzaileen belaunaldi berri batek egina. Lan honen bereizgarria da ikergai duen unearekiko distantzia, denborazkoa eta afektiboa, eta distantzia hori aldi berean da abantaila, akatsa eta negoziazioa.

1987. urtea da hitzaldiaren abiaburua, une horretan hiesak ‘kultura-objektuaren’ estatusa lortu baitzuen, orduan argitaratu ziren zenbait testu kritikoren arabera hiesaren ezaugarri behinena ez baitzen osasun-izurria izatea, baizik eta ‘ordezkaritza-krisia’ izatea. Era berean, 1987an, lehen aldiz jorratu zen hiesa eztabaida estetikoaren ingurunetik, October aldizkariaren ale berezi batean, ‘artea & hiesa’ arazoa azaltzen baitzen. Aleak artearen eta hiesaren artean izan diren formak, maiz kontrajarriak, erakutsi zituen.

Bestalde, 1987an, Artelekuk zabaldu zituen ateak Donostian, eta, 1992ko udan, Kordobako Pepe Espaliú eskultoreak hor proposatu zuen Carrying ekintza. Espainiako estatuan GIB/Hiesak jota bizitzeko esperientziarekin baldintzatutako lehenbiziko proposamen artistikotzat hartzen da gaur egun. Hitzaldi honetan, Carrying ekintza harremanetan jarriko dugu artea & hiesa arazoarekin, eta hizlariari bide emango dio oraintsuko historia berrikusteak berez izaten dituen distortsio batzuk egokitzeko.

Rachel Weiss: Eskualdeko globalismoa: nola birdefinitu zuen eztabaida Habanako bienalak
1989ko Habanako hirugarren bienala, proiektu “postkolonial” edo “anti-inperialista” bat baino, desafio bat izan zen, “arte garaikidearen” eta bere eurozentrismoa zalantzan jartzeko zuen interes hasiberriaren funtsezko oinarriei egindako erronka bat. Esate baterako, proiektuak zalantzan jarri zuen modernitateak “tradizioarekin” egindako haustura historikoaren onarpena, onarpen horrek oinarriak eskaintzen baitzituen haren balioa ebaluatzeko eta berresteko.

Gainera, sinposioa “eskualde” hitzaren goranzko mailen arabera egituratzeari erantzunez –hau da, Bilbo, Euskal Herria, Espainiako estatua eta Europa–, bienaleko “globalismoa” aztertuko dut, eta adieraziko dut nola proposatu zuen proiektuak “ertzetako” jarduera, definizio eta esanahi kulturaletan ardaztutako globalismo-mota bat –garai hartako hizkera erabiliz–.

Azkenik, hirugarren bienalaren inaugurazio-astean Berlingo Murrua erori zenez, aditzera emango dut nola jaso zuen Habanak COMECONeko herrialdeetan –Kubaren aliatuak eta salbatzaile ekonomikoak ziren herrialdeetan– gertatutakoaren inpaktua, bereziki arte bisualei lotutako jardueretan, tentsioa igo baitzen bienalaren eta herrialdearen jarrera politiko aldakorraren artean.

Joaquín Vázquez Ruiz de Castroviejo: El Sueño Imperativo eta Plus Ultra (Aginduzko ametsa eta Plus Ultra) Praktika artistikoak eta sare politikoa 1992. urtearen inguruan
BNV 1988. urtean sortu zen, Espainia NATOn sartu eta handik urte gutxira. Erreferendumeko porrotaren ondoren, alde batera utzi zen erreforma politikaren itundu gabeko azken bitartekoa. Demokraziarako trantsizioa bukatutzat eman, eta ordena ekonomiko, politiko eta estetiko bat sendotu zen; horren arabera, baliabideak, begirada, ekintza… “ordezkaritzako instantziek baizik ez zituzten kudeatuko eta bideratuko ordutik aurrera: alderdi politikoek, sindikatuek, kultura-arloko instituzioek”. 1988an eratu ginen enpresa modura, baina BNV 1991n hasi zen lanean arte garaikidean, El sueño Imperativo (1991) eta Plus Ultra (1992) proiektuekin. Mar Villaespesarekin egindako lehen bi proiektu horiek optimismo politikoz eta espekulatiboz beteriko une batean azaldu ziren, orduan, kultura-arloan, gora egin baitzuen kulturako jardueretara bideratutako aurrekontuak, eta museoak eta ekipamenduak zabaldu baitziren ordenarik gabe. Kulturaren dimentsio publikoa onartzeko interes hori, azken batean, ahalegin bat zen frankismoko egitura sozio-ekonomikotik eta sinbolikotik alde egiteko (EEEn sartzea, industria  birmoldatzea, Madrilgo mobida, kontsumo kulturalaren goraldia), “diktaduraren espektroa eklipsatu zuena, baina gainditu gabe”.

Paradoxikoki, Sevillan, arte modernoaren merkatuak ia batere eraginik ez zuen hiri batean, ehun artistiko berreraikitzeko prozesu bat izan zen, Espainiako estatuko eszenan eragin berezia izan zuena. Testuinguru horretan, El Sueño Imperativo eta Plus Ultra erakusketek hats hori ulertu zuten, eta bide eman nahi izan zieten ingurune edo salbuespen batzuei, tokiko ahaleginak eta nazioartean egiten ari ziren bestelako esfortzuak bateratzeko –ez jarraitzeko– asmoz. Biek ala biek era kritikoan jartzen zuten zalantzan agertoki zuten esparrua, baina ez zuten 1992. urte inguruko ekitaldien kontra jo. Beste mugimendu eta kanpaina batzuek, berriz, horren aurka egin zuten, eta zigor latza jaso zuten gero. Horregatik, erakusketa hauetaz hitz egiterakoan, badaezpadako iragan bateko agertoki idealak berreraikitzen ibili beharrean, nahiago dugu “salbuespen” horietaz eztabaidatzea, haietan sakontzea, oraindik barruan biltzen duten sare politikoaren neurria hartzeko.

Ines Schaber: Hiri-interbentzioak
Aurkezpenean, Ines Schaber-ek hausnarketa egingo du une berean izandako bi gertaerak bete duten zereginaz: 1994an Antoni Muntadasek Artelekun zuzendutako Hiri-interbentzioak/Urban Interventions tailerra –artistak parte hartu baitzuen–, eta Guggenheim Bilbao museoaren eraikuntza. Bi gertaerak guztiz desberdinak dira, baina toki eta une berean gertatu ziren. Bi gertaera horien ondorioak etorkizunean sumatuko ziren: ekoizpen eta erakusketa artistikoari buruzko ideietan, erakusteko forma desberdinen sorkuntzan, errepresentazio kulturala zer den interpretatzean, edo hiriei buruzko publizitatea egiteko bide gisa artea erabiltzeko asmakuntza. Schaber-ek eztabaidatu nahi du kontzeptu horiek zein zeregin duten artistentzat, eta zenbateko eragina duten artistek ekoitzitako formetan eta lanean.

Corinne Diserens: Puente…de pasaje (Bilbo), mende laurden bat igaro ondoren
“Irakurri «espazio publikoa» hitzez hitz, irmo eta ahoskatu gabe. Espazioa «publikoa» da: 1) bere formak publikoak direnean, bere formak erabilera publikokoak direnean –haietan eseri ahal zara, haien azpitik igaro, zeharkatu, eta haietan bizi ahal zara; 2) bere esanahiak publikoak direnean, bere esanahiak sarbide publikokoak direnean –kultura zehatz bateko pertsona orok automatikoki eta buruz ezagutzen dituen ohiturek, irudiek, objektuek eratzen dituzte lekua; 3) bere efektua publikoa denean, bere ondorioak publikoki erabili ahal direnean –lekuak forma ematen die bere erabiltzaileei eta antolatzen duen erakunde publikoari. Eta hirugarren kontzeptu horren inguruan korapilatzen da auzia. Espazioa publikoa da ordena publikoari eusten dionean edo, aitzitik, aldatzen duenean. Espazioa publikoa da, alde batetik, espetxe publiko baten moduan funtzionatzen duenean: bere ohiturak, irudiak, sinboloak eta objektuak eguneroko bizitzako elementu bilakatzen dira –sistema ordenatu bat sortzen dute eta hor gauza bakoitzak dagokion tokia betetzen du, eta herritarrek eredutzat hartzen dute. Baina, bestetik, leku bat publikoa da foru publiko baten gisa funtzionatzen duenean: bere ohiturak, irudiak, sinboloak eta objektuak alderantzikatu egiten dira, elkarren kontra talka egiten dute edo mila puskatan hausten dira, eta, hartara, ohitura horiek ezegonkortu egiten dira (ez dira gehiago gertakari sendoak), eta haietako bakoitzaren euskarri den boterea agerian geratzen da (espazioa eztabaidatzeko aukera bilakatzen da, eta hori argudio bihur liteke eta, aldi berean, iraultza bilaka liteke).”

(Vito Accoci-ren Public Space in a Private Time lanaren laburpen bat, “PUENTE… de pasaje” mintegian egindako hitzaldikoa, 1995eko urriaren 27 eta28an Bilbon egina, Carta Blanca-k antolatutako izen bereko erakusketaren barruan. )

“… Ibaizabalen ur uherretan islatuta dago. Identitate postindustrialaren bila zebilen Bilbo horretan, PUENTE… de pasaje erakusketak, kulturaren mugetatik ateratako dialektika baten bidez, sormena sustatu nahi izan zuen, eta 1995. [eta 1996.] urteetan sortu zituen obrak…”

(PUENTE… de pasaje erakusketako testu kuratorialaren laburpena.)

Catherine David: Hizketaldia documenta X (1997) erakusketako komisarioarekin. “Ezin da erlazio garaikiderik definitu, ikuspegirik izan gabe. Oinarri horretatik abiatuta, jakina, documenta-ren nola-halako ikuspegi historikoa emango dut, edo, besterik ez bada ere, neuk «memoriak» deitzen dudana agerian jarri”. Catherine Davidek hitz horiekin erantzun zion Artelekuren Zehar aldizkariko editore Miren Erasok aurreko edizioekin hark egindako ekarpenaren erlazioaz egin zion galderari. David 1995eko udan izan zen Donostiako zentro artistikoan, documenta X inauguratu baino bi urte lehenago. Erasok gidatutako elkarrizketak joan den mendeko azken documenta izan zenaren inaugurazio aurreko unea erakusten du. Emakume batek zuzendutako lehen edizioa ere izan zen hura, eta, denboraren poderioz, formatu handiko erakusketen ingurunean izandako paradigma-aldaketaren ikur bilakatu da. Egilearekin jardungo gara, documenta X erakusketaren ezaugarri nagusiez eta une hartako ingurune kultural, sozial eta artistikoarekin zuen erlazioaz hizketan.

KOMUNIKAZIOAK
Alejandro Alonso Díaz: Taxidermia en el Jardín del Edén: Una relectura de Les Magiciens de la Terre (Centro Pompidou y Grande Halle de la Villette de Paris), 1989

Amaia Sánchez Sampedro: De tropiezos, desapariciones e imprevisibilidad. A propósito de Caja de zapatos vacía en Aperto’93

Anita Orzes: Más allá de la exposición: cruce de caminos entre bienales (1989-1994)

Marion Cruza Le Bihan: Moi j’aime dire des textes. En torno a la propuesta expositiva D’Est, au bord de la fiction

Mirtes Marins de Oliveira: Imagining the past from the Biennial of Anthropophagy (1998), São Paulo

Sheila Portilla Prado: Dos visiones expositivas del SIDA: AIDS Timeline (Group Material, 1990) y Every Week There is Something Different (Felix González-Torres, 1991)

BIOGRAFIAK
Aimar Arriola (Markina-Xemein) komisarioa, editorea eta ikertzailea da. Doktoregaia da Londresko Unibertsitateko Goldsmiths-eko Kultura Bisualen Sailean. 2016. eta 2018. urteen artean, erakusketa eta programa publikoak antolatu ditu, bereak eta besteek agindutakoak, besteak beste, toki hauetan: MACBA, Bartzelona; The Showroom, Londres; CentroCentro, Madril; Bilboko Arte Ederren Museoa; Tabakalera, Donostia. Epe luzeko Anarchivo sida proiektua garatu du, Nancy Garín eta Linda Valdésekin batera. Gaur egun, UOC Universitat Oberta de Catalunyako Arteetako Graduko irakasle laguntzailea da, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Eremuak programako Lan Batzorde Teknikoko kidea ere bai.

Rachel Weiss. Hezitzailea, idazlea eta komisario ohia. Gaur egun Arts Administration and Policy irakasten du Chicagoko Art Institute-n. Arte garaikideari buruzko testu ugari atera ditu AEB, Europa, Latinoamerika, Asia eta Australiako aldizkarietan eta kazetarietan. Haren argitalpen nagusien artean, honako hauek ditugu: Making Art Global: The Third Havana Biennial (Afterall Books), To and From Utopia in the New Cuban Art (University of Minnesota Press), Por América: la obra de Juan Francisco Elso (Universidad Nacional Autónoma de México, Instituto de Investigaciones Estéticas: egilekidea eta editorea) eta On Art, Artists, Latin America and Other Utopias by Luis Camnitzer (University of Texas Press: editorea). Egin dituen komisario-proiektuen artean, hauek dira nagusiak: Global Conceptualism 1950s-1980s: Points of Origin (Queens Museum of Art, New York: zuzendaritza, Luis Camnitzer eta Jane Farver-ekin batera), Ante América (Biblioteca Luis Ángel Arango, Bogotá; ibiltaria, Hego Amerikatik, Ipar Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik, eta Gerardo Mosquera eta Carolina Ponce de Leónekin batera komisariatua), The Nearest Edge of the World: Art and Cuba Now (ibiltaria Estatu Batuetatik, eta Gerardo Mosquerarekin batera komisariatua) eta Imagining Antarctica (ibiltaria Estatu Batuetatik eta National Science Foundation-ek finantzatua).

Joaquín Vazquez Ruiz de Castroviejo. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Mugimendu Komunistako kide izan zen, eta Andaluziako Askapen Homosexualaren Frontea (FLHA) eta NATOren kontrako mugimenduak abiarazten lagundu zuen. Miguel Benllochekin batera, BNV Produccioneseko kide sortzailea da, 1988an eratu zenetik. 2001etik 2015era bitartean, Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatearen UNIA arteypensamiento programa koordinatu eta ekoitzi zuen. 2006an, Kultur Politikei buruzko Hausnarketa Plataforma (PRPC) sortzen parte hartu zuen, Sevillan. BNV Produccionesen eskutik, erakusketak, proiektuak, argitalpenak eta zinema- eta bideo-programak antolatu, koordinatu edo ekoitzi ditu, hala nola: El sueño imperativoPlus Ultra100%AlmadrabaVagamundo. Reflexiones sobre el exilio; El fantasma y el esqueletoEl cine calculado; Ir y Venir de Valcárcel Medina; …De rasgos árabes; Desacuerdo. Sobre arte, política y esfera pública en el Estado español; Arquitectura lenguajes Fílmicos; Tratado de Paz; eta Máquinas de vivir. Orain, Miguel Benlloch. Cuerpo conjugado erakusketa prestatzen ari da Mar Villaespesarekin batera. BNV ekoizpen eta bitartekaritza kulturaleko dispositiboa 1988an sortu zen, Andaluziako esparruan ezustean sartu, eta sorkuntzarako ehunean pentsamendu kritikoa eta egikera berriak abiaraziko zituzten ondorioak izateko asmoz.

Ines Schaber artista eta idazlea da, eta Berlin eta Los Angeles hirien artean bizi da. Bere lanean irudiaren ekoizpenaren konplexutasuna jorratzen du, ebidentzia historikoen ezkutuko geruzak ikertzen. 2004. urtetik, working archive (artxibo operatiboa) lanean ari da: aztergai, testu eta obra batzuk, haien bidez artxiboaren kontzeptua aztertzeko eta ikertzeko. Gehienek dokumentu fotografiko bat dute abiaburu. Haren proiektuak maiz elkarlanaren emaitza dira, eta memoria eraikitzeko eta denboraren poderioz irakurketa berriak sortzeko dagoen modua ikertzen dute. 1994an Antoni Muntadasek Donostiako Artelekun zuzendutako Hiri-interbentzioak/Urban Interventions tailerrean parte hartu zuen, eta lan hori 90eko hamarkadaren hasieran hiriari eta hiri-inguruneari buruz abian jarri zuen lanaren zati bat da.

Corinne Diserens komisarioa izan zen Taipeiko 2016ko Bienalean. 2011. eta 2016. urteen artean, Bruselako erg-école supérieure des arts eskola zuzendu zuen, eta Stuttgart-eko Akademie Schloss Solitude-ko epaimahaiko kidea izan zen. 1989tik 1996ra arte, Diserens Valentziako IVAMeko komisarioa izan zen, eta, 1996tik 2008ra bitartean, Musées de Marseille eta Nastesko Musée des beaux-arts museoak zuzendu zituen, Bolzanoko Museion berriaren inaugurazioa hartu zuen bere gain, nazioarteko koprodukzioak antolatu zituen Bartzelonako MACBArentzat, eta Carta Blanca sortu zuen. Diserens-ek artista seminalen atzera begirako erakusketen eta gaikako erakusketen komisarioa izan da, eta diziplinaz gaindiko argitalpen, ikasketa eta sinposio ugari zuzendu ditu. Artearen historia ikasi zuen Paris 1 Panteon-Sorbona Unibertsitatean, eta, ondoren, New Yorkeko Independent Study Program/Whitney Museum of American Art-en beka jaso zuen. Doktorea da Arteen estetikan, zientzietan eta teknologian, Paris 8 Unibertsitatetik.

Catherine David Parisko Arte Modernoko Museo Nazionaleko, Georges Pompidou Zentroko zuzendariondokoa da. 2014tik gaurdaino, Ikerketa eta Globalizazio Saila zuzendu du hor. 1982. eta 1990. urteen artean, museo horretako komisarioa izan zen, eta 1990. eta 1994. urteen artean, berriz, Parisko Jeu de Paume Galeria Nazionalekoa. 1994. eta 1997. urteen artean, Kasseleko documenta X (1997) erakusketako zuzendari artistikoa izan zen. 1998tik gaurdaino, Representaciones Contemporáneas Árabes zuzendu du, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies-en abiarazitako epe luzeko proiektua. 2002. eta 2004. urteen artean, Rotterdameko Witte de With Arte Garaikideko Zentroa zuzendu zuen. Era berean, erakusketa hauetako komisarioa izan da: ADACH Platform for Visual Arts, Veneziako Bienalaren 53. edizioa, Venezia (2011); Hassan Sharif-en Experiments & Objects / 1979-2011 atzerabegirakoa, Qasr Al Hosn, Abu Dhabi (2011); MARWAN: Early Works 1962-1972, Beirut Exhibition Center, Beirut (2013) eta Serralves Fundazioa, Oporto (2014); Unedited History. Iran 1960-2014, Musée d’art moderne de la ville de Paris, Paris, eta MAXXI, Erroma (2014); Dia al-Azzawi: A Retrospective (From 1963 until Tomorrow), Mathaf eta Al Riwaq, Doha (2017). Georges Pompidou zentroko zuzendariondoko gisa, erakusketa hauetako komisarioa izan da, besteak beste: Wilfredo Lam (2015); Memories from the futures. Indian modernities (2017); eta Latiff Mohidin: Pago Pago (1960-1969) (2018).

www.azkunazentroa.eus