Hitzaurrea. Erakusketaren saioa (1977-2017)

by

Erakusketaren saioa (1977-2017) Bulegoa z/b ekimenak eta Azkuna Zentroak elkarlanean landutako proiektu bat da. Une batzuk jendaurrean izango dira: hitzaurrea, 2016ko irailean; eta nazioarteko bi bilera, 2018an eta 2019an. Proiektuaren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu nahi dira. Nazioarteko bilera bakoitzak bi hamarkada izango ditu aztergai, eta hitzaurreak erakusketaren ideiari lotutako kontzeptu nagusiak eta saioaren ideiarekin duen harremana landuko ditu.

Irailaren 28an, 29an eta 30ean hitzaurrea ospatuko da Azkuna Zentroan. Bertan, mintegi eta hitzaldien bidez proiektuaren kontzeptu nagusietako batzuk landuko dira. Gonbidatuak Aurora Fernández Polanco, Luca Frei, Isabella Maidment, João Fernandes eta Carla Zaccagnini izango dira. Haien eskutik, hitzaurrea egituratuko da, arte-erakusketen esparruan joan den mendearen erdialdetik hona izan diren unerik garrantzitsuenak eta arlo horretan sartu diren kontzeptuak ulertu ahal izateko. Hitzaurrea interesa duten pertsona guztiei zuzenduta egongo da, bereziki, artista, komisario, arte-historialari, kritikari, saiakeragile, diseinatzaile, eta Arte Ederretako, Komisariotzako, Artearen Historiako, Diseinuko, Arkitekturako eta Soziologiako ikasleei, besteak beste.

PROGRAMA 2016:
2016ko irailaren 28an
18:00-18.30: Aurkezpena
18:30-19:30: Hitzaldia. Isabella Maidment
19:30-20:30: Hitzaldia. Aurora Fernández Polanco
20:30- 21:30: Cocktela

2016ko irailaren 29an
10:00-13:30: Mintegia. Aurora Fernández Polanco

18:30-19:30: Hitzaldia. Luca Frei
19:30-20:30: Hitzaldia. Carla Zaccagnini

2016ko irailaren 30ean
10:00-13:30: Mintegia. Luca Frei eta Carla Zaccagninirekin

18:30: Circa 1968. João Fernandes

Grupo Zeroren gaueko lana. Isabella Maidment
Hitzaldian, Düsseldorfen egoitza duen Grupo Zero kolektiboaren gaueko lana hartzen da gerraosteko garapenaren adibide esanguratsu gisa. Arte-mota honetan, ekoizpena, aurkezpena eta harrera aldi berean gertatzen direnez, alde batera utzi dute neoabangoardiaren historiako kontaketa kanonikoek. Hitzaldian, erakusketak irudikatze-espazio berri bezala zuzenean egiteko Grupo Zerok duen premia larria nabarmentzen den bitartean, gaueko denbora euren programa estetikoaren barruko elementu sistematikoki integral gisa aurkezten da. Gaueko denbora-eremua esparru diskurtsibo bezala zabaltzen da, eta iradokitzen du zuzeneko ekitaldia Bigarren Mundu Gerraren ostean agertu zela, paradigma estetiko berri gisa.

Erakustearen saiakera, hedatzea. Aurora Fernández Polanco
Hedatze estrategiak kapsulatutako zeinuen auzia konpontzea du xede. Ikerketa artistikoan, irudiek eta testuek osatzen duten bilbetik haratago, eszenara hedatzen da saiakera; erakuste edo azaltze soiletik haratago jo, eta konplikatu egiten da, falta diren ahotsa eta gorputza aurkitzen saiatzen baita. Arteen arloko ikerketa-sorkuntzan, azpiegiturazko elementua da desira: ez dago ariman hasi, hodi batean barrena igaro eta euskarri-espazio batean amaitzen den jakintza “masa-molarrik”, baizik eta ihes-lerro molekularrak, hedatze bat, zeinetan gurutzatzen baitira haien ekoizpenaren eta harreraren testuinguruak, “bizimoduak”. Lagun ditugu Deleuze eta Guattari, baita Silvia Maglioni eta Graeme Thomson ere, zeinak birbisitatu baitzituzten haiek Vincennesen.

Xehetasunetan galtzea. Aurora Fernandez Polanco
Arreta gabeak, aldaberak, ameslariak, kaotikoak, zalantzatiak. Halakotzat jotzen dituzte esentziaren zaindariek premiarik gabeko kontuetan ibiltzen direnak. Erakusteari eta entseatzeari buruzko mintegi honetan, xehetasunetan galtzeko praktikaren alde positiboa hartuko dugu aintzat. Sintomaren tradizio psikoanalitikotik harago (edo hartaz gain), isiltasunaren bakuolo bezala (Deleuze), azpi-ekintza gisa (Silvia Maglioni eta Graeme Thomson), edo gutxieneko keinu eta topaketekiko bakantasun markatzat (Peter Pal Pelbart/Guattari) baloratuko dugu xehetasuna.

Horren guztiaren inguruan lan egiteko:

1) Mintegia baino lehenago kontsultatuko ditugun materialak, testuak eta bideoak proposatzen ditugu.
2) Galdetu digutenari buruz hitz egingo dugu talde txikietan.
3) Geure buruari debekatuko diogu testuak interpretatzea eta kontzeptuetara jotzea (artea, boterea, bortxa, erakustea, desira…).
4) Iritziak adierazten hasiko gara, zabaltzearen irudia (kanpokoa) bitartekotzat hartuta: deskribapen fenomenologikora joko dugu, adibideak, keinuak, irudi heterogeneoak proposatuko ditugu, eta formatu bat eskuratzeko konbinatzen saiatuko gara. Zabaltzen jarraituko dugu, erakusteko estrategia bat sortu arte. Erakustea= “bizitzeko artearentzat” bestelako espazio-denbora bat sortzea.

Hermann Scherchen: alles hörbar machen. Sarrera
Luca Freik Hermann Scherchen orkestra-zuzendari alemanari (1891-1966) eta haren Elektro-Akustikako Estudio Esperimentalari (Gravesano, Suitza) buruz egin duen ikerketaren sarrera aurkeztuko du. Artista bisual, ikertzaile eta artxibozain gisa egin duen hurbilketan oinarrituko du aurkezpena, arreta berezia jarriz zeregin horiek erakusketa-formatuan txertatzeko duen moduari. Freik Schercheni buruz egiten duen interpretazioari zehazki dagokionez, erakusketaren eta erakusketa eta entsegua arteko loturaren ideiak –topaketarako gonbidapenean artikulatzen den moduan– lotura interesgarriak iradokitzen ditu musikaren eta arte bisualen tartean.

Kaimanez eta tximeletez. Carla Zaccagnini
Pertsonaia historiko bati buruzko ikerketa egiten ari nintzela –pertsonaia historikoa baino gehiago, elezaharretako pertsonaia–, nire aitona etorri zitzaidan gogora, berriki. Edo, hobeto esan, aitaren aitari buruz entzun izan ditudan gauzak, ez bainuen ezagutu. Pertsonaiak eta aitonak, bada, badituzte datu biografiko batzuk berdinak, eta ez dira bakarra, itsasontzi bat hartu eta Europara itzultzeko modua izan zuen immigranteen klase bateko kideak baitziren. Nolanahi ere, gelditzeko desira ere partekatzen dute, Amerikak egitekoa (eta ez garai hartan erabiltzen zen adieran soilik), igurikapenen lurralde hartan etorkizuneko Amerika bat eraikitzeko desira. Nola adierazten da desira hori, eta zer-nolako hondamen uzten du, itxarondako etorkizun hura atzean gelditzen denean?

Antza izatea ez da kointzidentzia hutsa. Mintegia Luca Frei eta Carla Zaccagninirekin
Mintegiak aurreko arratsaldeko hitzaldietan sortutako galderekin jarraituko du, Luca Freik eta Carla Zaccagninik kontakizun luzeagoetan atal biografikoak txertatzeko duten interesa garatuz. Besteak beste, Ana Gallardo, Sara Jordenö eta Runo Lagomarsinoren artelanen hautaketa baten bidez, artistek elkarrizketa bat osatu nahi dute bizitzako gertaerak, historia familiarrak eta interes pertsonalak abiapuntutzat hartuz garatzen diren metodologien eta hurbilpen artistikoen inguruan; izan ere, esfera publikoan aurkezten diren kontuak lantzen dituzte. Tailerreko parte-hartzaileen ekarpenekin, euren proiektuekin eta ikus-entzuleen esperientziekin elkarrizketa aberastu nahi dute. Elkarrizketan hainbat kontu jorratuko dira, besteak beste, zer egin denbora, geografia eta historiako hainbat alderdik kontakizun artistikoen bidez elkar topa dezaten, eta balio-aldaketek nola eragiten dioten kontakizun horien irakurketari.

Circa 1968. João Fernandes
Circa 1968 izeneko erakusketarekin inauguratu zen Portoko Serralves Museoa 1999ko ekainaren 8an; Vicente Todolí eta João Fernandes izan ziren erakusketako komisarioak. 1965. eta 1975. urteen artean osatutako 600 obra baino gehiago bildu ziren erakusketan, hainbat joeratakoak: povera artea, land artea, pintura neoespresionista, body-arta edo arte kontzeptuala. “Mugak gainditzea lortzen duen proiektu museologikoa, bilduma baten filosofia eta esperientzia artistikoen multzoa” bezala aurkeztu zuten.

BIOGRAFIAK:

João Fernandes (Bragança, 1964) Madrilgo Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionaleko zuzendariordea da 2012tik. Lehenago, Portoko Serralves Museoko zuzendaria izan zen 2003tik, eta zenbait artistaren erakusketak programatu eta komisariatu zituen han, hala nola Eduardo Batarda, Dara Birnbaum, Lourdes Castro, François Dufrêne, Barry Le Va, Manoel de Oliveira, Júlio Pomar, Robert Rauschenberg, Paula Rego eta Alvaro Sizarenak. Bestelako erakusketak antolatu eta komisariatu izan ditu, adibidez, Johannesburgeko 1. Biurtekoko ordezkaritza portugaldarra (1995), São Pauloko 24. Arte Biurtekoa (2003) eta, Vicente Todolírekin batera, Circa 1968 (1999) eta Veneziako 50. Biurtekoa (2003).

Isabella Maidment. Performanceko komisario laguntzailea da Tate Modernen, eta bertan egiten du lan, erakusketa, ekoizpen, erosketa eta displayekin. Orain dela gutxi, Artearen Historiako doktore-tesia aurkeztu zuen University College London-en, Provisional Realities: Live Art 1951 – 2015 (Behin-behineko errealitateak: zuzeneko artea 1951 – 2015) izenburuarekin. BMW Tate Live programa komisariatzen ari da, Catherine Woodekin batera. Programaren helburua zuzeneko esperimentazioaren funtsezko egitekoa azaleratzea da, nola historian, hala gaur egungo artisten artean. Oraintxe bertan, anbizio handiko urteroko proiektu baten lehenengo edizioa prestatzen ari da: Live Exhibitions (Zuzeneko erakusketak). 2017ko udaberrian inauguratuko da.

Aurora Fernández Polanco Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Artearen Teoria eta Historiako irakaslea da; baita “Visualidades críticas: reescritura de las narrativas a través de las imágenes” proiektuko irakasle-ikertzailea ere (www.imaginarrar.net), eta Re-visiones aldizkariaren editorea. Azken argitalpenen eta komisariatutako erakusketen artean, aipatzekoak ditu, besteak beste, “Escribir, otra forma de montaje” (Investigación artística y universidad: materiales para un debate, S. Blasco (arg.), Madril, Asimétricas arg., 2013); Pensar la imagen/Pensar con las imágenes (arg.), Salamanca, Delirio, 2014; Image(s), mon amour. Rabih Mroué erakusketa eta katalogoa, CA2M, 2013-11-14. Aurki argitaratzekoa du Antepenúltimas cosas. Para una crítica visual del saber solitario, Bilbo, Consonni, 2017.

Luca Frei (Lugano, Suitza, 1976) artista da, eta Malmön bizi da, Suedian. Bakarkako erakusketak egin ditu honako areto hauetan, besteak beste: Galerie Barbara Wien, Berlin; Kunsthaus Glarus, Glarus; Bonner Kunstverein, Bonn; eta Lunds Konsthall, Lund. Zenbait biurtekotan parte hartu du: Ljubljanako Arte Grafikoen 31. Biurtekoan; Mosseko 6. Momentum Biennalen (Norvegia); Kairoko 12. Biurtekoan; Pragako 3. Biurtekoan, eta Istanbuleko 9. Biurtekoan. Era berean, erakusketa displayak egin ditu Tate Liverpoolen eta Malmö Konsthallen, esate baterako, eta zenbait artistarekin lankidetzan aritu da; adibidez, Falke Pisanorekin, Lygia Clarki buruzko LC In The Bijlmer proiektuan, eta Will Holderrekin, Keywords erakusketan.

Carla Zaccagnini (Buenos Aires, 1973) artista da, eta Malmö eta São Paulo artean bizi da. Azkenaldiko talde-erakusketen artean, honako hauek ditu bereziki aipatzekoak: So You Want to See (e-Flux, New York, 2015), Un Nouveau festival: Playground (Centre Pompidou, Paris, 2015), Really Useful Knowledge (Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 2014) and 8th Berlin Biennale (Berlin, 2014). Bakarkakoetan, berriz, nabarmentzekoak dira Elements of Beauty (FirstSite / Van Abbemuseum / MASP, Colchester / Eindhoven / São Paulo, 2015) eta Pelas Bordas (Galeria Vermelho, São Paulo, 2013). Zenbait argitalpenetan agertu dira Zaccagniniren lanak, hala nola Cream 3 (Londres: Phaidon Press, 2003) eta Art Cities of the Future, 21st-Century Avant-Gardes (Londres: Phaidon Press, 2013) argitalpenetan; eta Galeria Vermelho da haren ordezkaria (São Paulo).

Informazio gehiago: www.azkunazentroa.com