BILBAO SONG. ISMAEL MANTEROLA ETA LEIRE VERGARAREKIN

by

Peter Friedl: "Bilbao Song" (2010). Artistaren eta Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionalaren eskaintza.

Bilbao Song (Peter Friedl, 2010) lanaren inguruko topaketa, Ismael Manterolaren eta Leire Vergararen laguntzarekin. Ekitaldia Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk serieko parte da, hau da, Bilboko Arte Ederren Museoko, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketarekin batera doazen zazpi artelanen inguruko topaketetan sartuta dago. Topaketa bakoitzean, artelan batek hainbat artista eta artean aditu batu eta elkartuko ditu.

Museoko denbora husteko… topaketek museoak barnean hartzen dituen objektuen bidez museoaz hausnartzeko ideia dute ardatz. Hala 68aren ostean erakusketa barnean duen museo zehatzaz, haren izaera eta historia bereziaz, nola museo generikoa iraganeko objektuak etorkizunerako gordez orainaldiaz kontakizun bat egiten duen instituzio gisa hartuta.

Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa.
Ordua: 19:00.
Hizkuntza: euskaraz (aldibereko itzulpena egongo da).
Doako sarrera, edukiera mugatua. Gonbidapenak museoko leihatilan egongo dira eskuragarri apirilaren 8tik –astelehenetik– aurrera.

Obrari buruz
Sei minutuko travelling bat margolan multzo baten eszenaratzean zehar. Horietako batzuk XX. mendearen lehen hereneko euskal pinturaren eskolakoak dira: Juan de Echevarríaren Paria gaztelaua (1917), Gustavo de Maezturen Ordena (c. 1918-1919) –biak Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman– eta Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa (1937). Gainerako margolanek bata bestetik desberdinak diren loturak dituzte euskaltasunaren gai komunarekin, gaiarengatik, hala nola Jean-Auguste-Dominique Ingres-en Enrike IV.a, Espainiako enbaxadoreari harrera egiten (1817) obraren kasuan, edo, bestela, egilearengatik, Soldadua eta emakume mulatoa obraren kasuan adibidez, Víctor Patricio Landaluze bilbotar margolari eta ilustratzailearena, 1850ean Kubara emigratutakoa. Tableaux vivants-en artean, testuinguru lokaleko figura ezagun batzuek, Julen Madariagak eta Pirritx eta Porrotx pailazoek, beren buruaren rola jokatzen dute. Atzealdean, akordeoi batek eta piano batek Kurt Weillek Bertolt Brechten Happy End komedia musikalerako (1929) sortu zuen kantua interpretatzen dute.

Peter Friedl-en pelikularen ikusizko eta entzunezko erreferentziek erakusten dute, ezinbestean, museoa, espazio eta denbora desberdinen irudiak etenik gabeko batasun batean gainjarriz eta geldituz, kontakizun kanonikoa sortzen duen edukiontzi gisa. Hemen, ordea, eszenaratzea, muntaketa, travellinga eta gisako prozedurak erabiliz eraikitako kontakizun orok berekin nahitaez dituen etenak eta hausturak seinalatu nahi dira. Horrela, Friedlen lanaren helburua da proiektu modernoaren marko orokorraren barruan txertatutako kontakizun lokalen irakurketa berrituak sortzea, irudiek eguneratzeko duten potentzialean oinarrituta –irudi oro da aldi berean anakronikoa eta garaikidea–. Bilbao Song 2010eko martxoaren eta ekainaren artean aurkeztu zen Bilboko Rekalde Aretoan, ETAk urte bereko irailean su-etena aldarrikatu baino pixka bat lehenago.

Ismael Manterola Ispizua (Zumaia, 1966). Arte Historian lizentziatu zen Valentziako Unibertsitatean eta doktoregoa EHU/UPVn gauzatu zuen Arte Historian. Egun EHU/UPVko Arte Ederren Fakultatean Artearen Historia irakasten dihardu. Egunkaria-n, Berria-n eta Gara egunkariko Mugalari gehigarrian arte kritika idatzi du. Gure Artea 2006 (2006) eta Bilbea eta Hari askeak: euskal artearen bi bildumen arteko elkarrizketa (2014) izeneko erakusketak antolatu ditu. Bere argitalpenen artean daude, besteak beste, 2012an UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren eskutik kaleratutako Raemaekersen Marrazkiak: Britainiar propaganda Espainian eta Euskal Herrian Lehen Mundu Gerran liburua, Autonomía e ideología (2016) liburuko “Compromiso o especificidad del medio. Arte en el País Vasco en las últimas décadas del siglo XX” atala eta Maite ditut Maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean liburua (Edo, 2017).

Leire Vergara komisario independentea eta Bulegoa z/b-ko kidea da. Ziklo eta erakusketa askotan egin ditu komisario-lanak, besteak beste, hauetan: Las imágenes recurrentes. Sobre las condiciones materiales de su retorno (Pablo Martínezekin), MACBA, Bartzelona (2017), La pantalla negra o blanca: el poder de ver imágenes juntos, XXIII Jornadas de la Imagen CA2M, Madril (2016); Jose Mari Zabala Écfrasis. Bideolanak 1986-2016, CarrerasMugica, Bilbo (2016); Dispositivos del tocar: Imaginación curatorial en los tiempos de las fronteras expandidas, Trankat, Tetuan (2015). 2005etik 2009ra, Rekalde Aretoko komisarioburua izan zen, eta artista hauen banakako erakusketen komisario-lana egin zuen, besteak beste: Can Altay, Phil Collins, Itziar Okariz, Erlea Maneros Zabala, Iñaki Imaz, Haegue Yang, Sean Snyder eta Peter Friedl. 2002tik 2005era arte, DAE- Donostiako Arte Ekinbideak-eko zuzendarikidea izan zen (Peio Aguirrerekin); Artelekuri lotutako proiektu honek hainbat artistarekin ekoitzi zituen proiektuak, hala nola Susan Philipsz, Phil Collins eta Jakob Kolding-ekin. 2017an doktorego-tesia bukatu zuen University of London-eko Goldsmiths College-ko Visual Cultures sailean (Curatorial/Knowledge): Dispositifs of Touching: A Curatorial Study on The Plazas of Sovereignty. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Eremuak-eko Aldi baterako Batzorde Teknikoko kidea da, eta ikastaro hau ematen du Arnhem-eko Dutch Art Institute-ko Arteko Masterrean: Curating Positions: Logics of Montage: Between the Cinematic Apparatus and the Exhibition (Marwa Arsanios eta Leon Filter-ekin).

Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk topaketak Bulegoa z/b eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzako proiektua dira.