Auzi sozialaren ideologiak eszenaratzen. Mintegia

by

2010eko udazkenean, gure bulegoa zabaldu eta berehala, Ana Vujanović eta Marta Popivodari gonbit egin genien TkH – Teoria Ibiltaria plataformaz ( http://www.tkh-generator.net ) hitz egitera etor zitezen. Plataforma hori 2000. urtean sortu zen Belgraden, hainbat artista, teorialari eta ikertzaileren ekimenez. Orduko hartan, Bulegoa Zenbaki Barik ekimena sostengatzen duen ingurunea ezagutu ahal izan zuten. Bulegoa z/b sorrarazi zuen desira haiek zuten asmoaren antzekoa izan baitzen: teoria eta praktika artistikoaren arteko harremanak zabaltzea. Egun haietan, Asier Mendizabalekin aritu ginen hizketan, eta, hala, edukietan zeuden antzekotasunak antzeman genituen, eta batzuen eta besten arteko hurbilpenez ohartu ginen. Lehen aldi horren ondoren, 2013ko apirilean, bigarren bilera informala izan genuen Bojana Cvejićrekin. Orduko hartan, berak Vujanovićrekin egin zuen ikerkuntza izan zuen hizpide, “Performancea eta auzi publikoa” izenekoa. Ikerkuntza horren ondorioz, Public Sphere by Performance liburua argitaratu zuten, eta Popivodak Jugoslavia: ideologiak gure gorputz kolektiboa nola mugitu zuen filma egin zuen.

Horiek horrela, geure buruari galdezka hasi ginen, Jugoslavia zaharreko auzi publikoaren performatibitateari buruzko hausnarketa batetik sortutako kezkak zein neurritaraino ote ziren garrantzizkoak gurea bezalako egoera batean, eta ea zein motatako hausnarketa ari zen egiten hemen berariaz. Ez soilik esfera publikoaz eta bere performatibitateaz. Beti aurkakotasun gisa aurkezten den banakako eta taldekoaren arteko harremanaz ere bai. Mendizabalek sakon hausnartu du gai horretaz, forma, ideologia eta auzi sozialaren arteko korapiloak aztertzen dituzten lanetan.

Mintegi honen bidez, lau egileen hurbilpenak era publikoan, irekian eta partekatuan jarri nahi ditugu harremanetan. “Auzi sozialaren ideologia eszenaratzen” mintegian, hainbat hausnarketa aurkeztu nahi ditugu, gaur egun esfera publiko hori zein den eta forma zehatzen bidez bere ideologia nola ezagutarazten den gogoan erabiliz. Batzuetan, forma horiek etengabe egiten eta aldatzen ari diren ekintzak dira.

Mintegian parte hartu eta aukeratutako bibliografia jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org.

Mintegia ingelesez izango da.

Zuzenean ikusi ahal izango da streaming bidez, hemen: ( http://www.tea-tron.com/teatron/TVTRON.do )

PROGRAMA

11:00 – 12:15. “Dantza-Gerra. GERRA DANTZAREN inkontziente politikoa zenean”. Bojana Cvejić

12:15 – 13:30. “Lurrak hartzea. Masak, plazak eta monumentuak”. Asier Mendizabal

13:30-14:00. Eztabaida

14:00 – 15:30. Bazkaltzeko atsedenaldia

15:30 – 16:45. “Ideologiaren performancea egiten: Immunitas eta communitas jendarte demokratiko neoliberalean”. Ana Vujanović

16:45 – 18:30. Jugoslavia: ideologiak gure gorputz kolektiboa nola mugitu zuen. Marta Popivodaren aurkezpena

Hitzaldia. “Dantza-Gerra. GERRA DANTZAREN inkontziente politikoa zenean”. Bojana Cvejić

“Dantza-gerra” konbinazioak gerrako propaganda eta folkloreko gerla-dantzetako irudiak ekartzen dizkigu gogora – eta, hor, dantza eta dantzarien gorputzak erabiltzen dira entrenamendu militarra eta gudua irudikatzeko eta estetizatzeko–. Hala ere, nik interes berezia dut ikuspegia aldatzeko, eta isomorfismoak eta gerra eta dantzaren arteko harreman zeharkakoak, saiheskakoak edo gramatikalak bilatzeko. Orduan, “Dantza-gerra” arazo gisa agertzen da, antzerki-dantza modernoaren eta garaikidearen tradizio europar-amerikarraren ikuspegitik, gerra esplizituki arbuiatzen duten nozio eta irudi estetiko horietan. Hala, dantza modernoa banakako gorputzaren adierazpen demokratiko eta liberal gisa sortu zen XX. mendean. Gerra Hotzaren eta Vietnamgo gerraren garaietan, dantzak proba-saioak egin zituen, bakearen antzezpenak eta bizitza komunalaren antolamendu sozial harmonikoak eta alternatiboak egiteko. Gaur egun, esku-hartze militar arinek eta intentsitate baxuko eta epe luzeko gatazkek ordezkatzen dituzte bi arerioren arteko buruz buruko guduak, eta, horiek horrela, koreografia blokeatze politikoetatik harantz dabiltzan eragiketa arinen metafora gisa azaltzen da.

Hitzaldi hau Danse-guerre erakusketa-proiektua jarri nuenean egin nuen ikerketaren emaitza da (Musée de la danse, Rennes, 2013ko irail-urria). Dantza eta gerraren arazoaren azterketa teorikoak “koreografia sozialaren” metodo analitikoa erabiltzen du. 2011. eta 2012. urteetan Ana Vujanović eta Marta Popivodarekin batera egin nuen performancea eta arlo publikoari buruz egin nuen ikerketan txertatzen da kontzeptu hori.

“Lurrak hartzea. Masak, plazak eta monumentuak”. Asier Mendizabal

Fluxua, emultsioa edo jaustea. Masaren irudikapen soziologikoen historia soziologiaren historia bera eta soziologiak masarekiko duen susmoaren historia da. Historia horrek fisikatik, kimikatik edo meteorologiatik mailegatutako metaforak aipatzen ditu behin eta berriz. Masak bere irudikapenaren aurrean agertzen duen saihespenezko izaera bere irudikapenaren betiereko motiboa da. Eta ezaugarritze horren aurreko mendeetako aurreiritziaz, susmo etengabea da, jendetzak, kontzeptuetan ez, irudietan katalizatzen duelako susmoa. Ideiaren transzendentzian ez, ikurraren immanentzian katalizatzen duelako susmoa.

“Ideologiaren performancea egiten: Immunitas eta communitas jendarte demokratiko neoliberalean”. Ana Vujanović

Hitzaldiaren abiaburua Public Sphere by Performance (2012) liburua da. Bojana Cvejićek eta biok idatzi genuen liburu hori, Marta Popivodarekin egiten ari ginen “Performancea eta auzi publikoa” ikerketa-proiektuaren barruan. Esfera publikoa esfera politiko gisa hartzen dut. Auzi hori publikoak zehazten du, publikoa kontzeptu sozial eta politiko gisa hartuta, eta performancearen ikasketetatik datorren agertoki publikoko/publikoaren performanceari buruzko eztabaidak ere bai.

Gaur egun ideologia nola eszenaratzen den lantzen duen auzi zehatzez hausnartzeko, berriz hartu eta piztu nahiko nuke Victor Turner-ek aurreko mendeko 60ko hamarkadan sartu zuen drama sozialaren kontzeptua. Kontzeptu horrek hastapeneko une horiek hartzen ditu ardatz gisa, gatazka biziagotzen deneko uneak, jendarteak ezagutzen dugun moduan dituen mugak marrazten ditu, eta bide ematen die auzi sozialaren forma berriei. Turner-en arabera, jarduera sozialak eta azaltzen ari diren eta drama soziala lantzen duten komunitate berriak (communitas) ez dira soilik superegitura sozial estandarrekoak –arte eta kulturako performanceen ekoizpen estandarra bezala–. Aitzitik, proto, meta edo anti-egitura bat dira. Beraz, drama sozialeko ekitaldi publikoek une horiek zehazten dituzte, une horietan oinarria eta superegitura ez baitira bata bestearekin egokitzen, eta, era horretan, gune bat zabaltzen baita jendarteak hausnarketa kritikoa egin ahal izan dezan, zer den gogoan erabiliz, nahiz eta oraindik ez jakin zer bilakatuko den.

Yugoslavia, How Ideology Moved Our Collective Body (Jugoslavia: ideologiak gure gorputz kolektiboa nola mugitu zuen, 2013). Marta Popivoda

Film-saiakera hau ikerketa batean dago sartuta, eta oso ikuspegi pertsonala eskaintzen digu Jugoslavia sozialistako historiari eta bere amaiera dramatikoari eta oraintsuko eraldaketari buruz, hainbat estatu nazional demokratiko baitaude gaur egun garai batean Jugoslavia zegoen tokian. Bi arrazoik bultzatu naute atzerantz begiratzera, hedabideetako irudietan bila aritzera, eta bere burua gune publikoan eszenaratuz sistema sozial hura nola aldatu zen arakatzera: estatua desegiteko esperientzia, eta Serbian klase-sistema kapitalista eta “basatia” berrezartzeko izan den prozesua.

Parisko Les Laboratoires d’Aubervillierseko TkH – Teoria Ibiltaria talde teoriko-artistikoko kide diren Ana Vujanović, Bojana Cvejić eta Marta Popivodak garatu duten “Performancea eta auzi publikoa” bi urteko iraupeneko proiektuan sartuta dago filma.

BIOGRAFIAK

Bojana Cvejić (Belgrad) performancearen teorialaria eta performer-a da, eta Bruselan bizi da. TkH – Teoria ibiltaria argitaratze-taldea sortu zuen kideetako bat da, eta hainbat proiektu eta argitalpen atera ditu talde horrekin. Musikologiako prestakuntza jaso zuen, eta filosofiako doktorea da Londresko Centre for Research in Modern European Philosophytik. Dantza, opera eta antzerkiko hainbat piezatako egilekidea eta lankidea izan da 1996tik hona. Urte horrexetatik aurrera, operako bost pieza zuzendu ditu Belgraden, azkena Don Giovanni izenekoa, BITEFen, Belgraden, 2008an. Hona zein diren idatzi dituen azken liburuak: Public Sphere by Performance, Ana Vujanoviærekin lankidetzan idatzia (b_books, Berlin, 2012), Parallel Slalom: Lexicon of Nonaligned Poetics, G. S. Pristašekin batera argitaratua (TkH/CDU, Belgrad/Zagreb, 2013), En Atendant & Cesena: A Choreographer’s Score, A.T. De Keersmaeker-ekin lankidetzan idatzia (Mercator, Brusela, 2013). Cvejićek eskolak ematen ditu hainbat dantza-programatan eta performanceetan, Europan (P.A.R.T.S, Brusela; DOCH University of Dance and Circus, Stockholm; SNDO, Amsterdam; etab.). Oraintsu egin dituen ikerketek koreografia soziala eta arte garaikideko indibidualismo liberalaren kritika dituzte ardatz.

Asier Mendizabal (Ordizia, 1973) Bilbon bizi da. Bere praktika eskulturari lotuta dago, hainbat baliabide eta prozedura uztartzen ditu, eta idazketa erabili ohi du maiz. Banakako erakusketak jarri ditu leku hauetan: Hordaland Kunstsenter, Bergen, Norvegia; Raven Row, Londres; Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madrid; Culturgest, Lisboa; DAE ekoizpen-plataformarekin bat, Donostia-San Sebastián, eta MACBA, Museu d’Art Contemporani, Barcelona. Bestetik, taldeko erakusketa hauetan hartu du parte: IllumiNATIONS, Veneziako 54. Bienala; Scenarios about Europe: Scenario 3. Galerie für Zeitgenössische Kunst, Leipzig; In the First Circle Fundació Tàpies, Bartzelona; Às Artes, Cidadãos, Museu Serralves, Porto; Chacun a son Gôut, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; Després de la notícia, Centre de Cultura Contemporània de Barcelona; Manifesta 5, Donostia-San Sebastián; Taipeiko Bienala; Insiders, CAPC, Bordele; Flüchtige Zeiten, Westfälischer Kunstverein; On Handlung, Bukaresteko Bienala.

Ana Vujanović (Berlin/Hamburg/Belgrad) freelance teorialaria, dramaturgoa eta arte performatibo garaikideetako kultura-langilea da. Belgradeko TkH – Teoria Ibiltaria plataforma teoriko-artistikoko argitaratze-taldeko kidea eta TkH journal for performing arts theory argitalpeneko argitaratze-burua da. Hitzaldiak eta tailerrak egin ditu hainbat unibertsitatetan eta hezkuntza-programa independentetan. Dramaturgo gisa, performancea, antzerkia, dantza eta bideoa lantzen ditu. Testuak argitaratzen ditu erregulartasunez aldizkari eta bildumetan, eta lau liburu idatzi ditu, azkena, Public Sphere by Performance izenekoa, Bojana Cvejićekin batera egindakoa. Une honetan, irakasle gonbidatua da Hamburgeko Unibertsitateko Performance Ikasketen sailean. Azken urteetan, jendarte kapitalista neoliberaletan politikaren eta performancearen artean dauden elkarketak hartu ditu aztergai gisa.

Marta Popivoda zinemagilea eta kultura-ekoizlea 1982an jaio zen Belgraden, eta hiri hori eta Berlin artean bizi da. Zinema eta Telebistako Zuzendaritzan graduatua da, Belgradeko Arte Dramatikoen Fakultatean, eta zinema esperimentaleko graduatu ondoko ikasketa-programa bat egin du, Berlingo Arteen Unibertsitateko Arte eta Hedabideak sailean. TkH – Teoria ibiltariko argitaratze-taldeko kidea da. Belgradeko plataforma teoriko-praktiko horren barruan, tokiko eta nazioarteko arte- eta kultura-arloko hainbat proiektu abiarazi ditu, eta haietan hartu du parte, hala nola, Zinema_ilegalean. Nazioartean aurkeztu ditu bere lanak, zinema-jaialdietan eta argazki, instalazio eta bideoko erakusketetan. Yugoslavia, How Ideology Moved Our Collective Body, bere filmarik berriena, Berlinaleko 63. ekitaldian aurkeztu zen, eta Sarajevoko zinema-jaialdiko 19. ekitaldian Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.