Allan Kaprowen “Self-Service” (1966) “happeninga” Ricardo Basbaumekin zabaltzen 2014an

Bartzelonako Fundació Antoni Tàpiesek, Allan Kaprow. Otras maneras erakusketaren barruan, artista estatubatuarraren happening bat berrasmatzeko egindako gonbiteari Bulegoa z/b ekimenak eman dion erantzuna da 2014. maiatzaren 9an gauzatutako jarduera hau.

Bi osagai hartu ditugu abiaburutzat Self-Service happeninga berrasmatzeko: bere txostena eta 1966tik 2014ra bitartean iragan den denbora. Txostenak dozena bat orri ditu, makinan idatziak. Uda batean, hiru hiritan (Boston, Los Angeles eta New York) aldi berean egin zen happeninga jasotzen du. Osorik eta bereizirik heldu zaigu, hala nola helduko litzaizkigukeen denbora-kapsula batek gordetako edukiak –XX. mendeko 30eko hamarkadako asmakuntza hori, 60ko hamarkadan goieneko unean izan zena–. 60ko hamarkadan bertan, happeningak, Kaprowek 1959an asmatutako adierazpide artistikoak, artea bizitzan urtzeko bilaketan zebilela, eguneroko esperientzia garaikideko estimulu eta pertzepzioen aldiberekotasuna artera eramatea proposatzen zuen, aldi berean gertatutako ekintza ugarien bidez. Era berean, denbora-kapsulak jolas egiten zuen denboraren ideiarekin, baina beste helburu bat zuen: jauzi bat egin nahi zuen, bere une historikoaren katalogo laburtu bat bidali nahi zuen etorkizunera, geroko historialariek erabil zezaten.

“Allan Kaprowen Self-Service happeninga (1966) Ricardo Basbaumekin 2014an zabaltzen” lanak simil hau hartzea proposatzen du: dagokiona ez den unean zabaltzen den denbora-kapsularen barruan sartutako objektua. Happeninga berrasmatzeko, Kaprowek Self-Service-n jarraibideen zerrendan jaso zuen gomendioa bete dugu: “hala nahi badu, parte-hartzailea aske da bere parametroak finkatzeko obratik abiatuta”. Hala, bada, Brasilgo artistari gonbit egin diogu, Self-Service zabaltzen eta hedatzen lagun diezagun, happeningaren jatorrizko partitura abiaburutzat hartuko duen elkarrizketa publiko baten bidez. Ezinbestez, hartuko dugun ikuspegia ez da berreskuratze arkeologikoa egitearena, ez gara saiatuko bizirik iraun duten objektuen bidez iragana interpretatzen. Horren ordez, objektu horiek hartuko ditugu, bizi garen unearen zentzua aurkitzeko eta haren berri emateko.

Basbaumi egin diogun gonbita ez da halabeharraren emaitza. Berak hainbat aldiz aipatu du Kaprow, eredu gisa. Hala, bada, 1961ean jaiotako artista honek hainbat kontu partekatzen ditu 1966an Self-Service happeninga asmatu zuenarekin: bien proiektuetan guztiz kontzeptualak diren osagaiak agertzen dira, eragin-truke sozialeko formei eta zentzumenezko esperientziari lotuta; beren praktikak gainezka egiten du, eta arlo diskurtsibora edo pedagogiara hedatzen da; komunikatzeko eta parte hartzeko estrategiak erabiltzen dituzte; behin-behineko komunitateak eratzen dituzte, jokoen dinamiken bidez; etab. Bat-etortze horien atzean, galdera bera aurkitzen dugu, artearen rol sozialaz, esperientzia artistikoaren izaeraz eta norberaren praktikatik abiatuta erresistentziako formak garatzeko moduaz.

Alabaina, bi artisten une historikoa desberdina da, horra hor bien arteko aldaketa. Basbaum lanean hasi zen unean, diktadura ondoko 80ko eta 90eko hamarkadetako Brasil hura kapitalismo aurreratuko ekonomiaren sare globaletan txertatzen ari zen. Bestelakoa da Kaprowen bizipen berezia, 60ko eta 70eko hamarkadetako Estatu Batuetako modernitate berantiarra. Izan ere, eta hau oso interesgarria da berrasmatzeko proposamen honi begira, Basbaumek sakon egin du hausnarketa kontu horretaz, hau da, 50 eta 70eko hamarkadetan izandako praktika artistiko modernisten eta 80ko hamarkadaren amaieran mundu-mailako berrantolamendu geopolitikoaren ondoren garatutako praktiken artean izandako haustura-ildoez.

Izenak berak dioenez, berrasmatze honek Ricardo Basbaumekin izandako elkarrizketa baten itxura hartuko du. Saioan barrena, Brasilgo artistak hainbat gai aztertuko ditu, esate baterako, arte eta bizitzaren arteko harremana, hezkuntza, parte hartzeko estrategiak, edota arlo kolektiboa, betiere, Self-Service happeninga abiaburutzat hartuta. 1966an “lau hilabeteetan hiru hiritan egindako ehunka happening” moduan iragarri zen proiektu hori, eta, Kaprowen beraren ustez, huts egin zuen.

Happening bakoitzaren aurrean Kaprowek betetzen zuen prozedurari jarraituz, jarduera 10:00etan hasiko da, Self-Service happeningeko jarraibideak aurkeztuz, eta 14:00etan amaituko da. Bartzelonako Fundació Antoni Tàpiesek streaming bidez emango du jarduera. Horrez gain, Ricardo Basbaumekin izango den elkarrizketan parte hartu ahal izango da, TV-tron bidez ( http://www.tea-tron.com/teatron/TVTRON.do ).

Bulegoa z/b ekimenak Bilbon egingo duen berrasmatze honetaz gain, 2014ko martxoaren 6a eta maiatzaren 30a bitartean antzekoak jarduerak egingo dira beste bi hiritako bi instituziotan, Allan Kaprow. Otras maneras erakusketa osatzeko, hain zuzen, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpiesen eta Caceresko Malpartidako Vostell museoan.

Ricardo Basbaum (São Paulo, Brasil, 1961) Rio de Janeiron bizi da, eta hiri horretan lan egiten du. Artista eta idazle honek bitartekotza egiteko gailu moduan, eta zentzumenezko esperientzia, soziabilitatea eta hizkuntza egituratzeko plataforma gisa aztertzen du artea. Aurreko mendeko 80ko hamarkadatik aurrera, bere lanari dagokion hiztegi berezia garatu du, eta modu zehatzean ezartzen du proiektu berri bakoitzean. Hainbat erakusketa eta proiektutan aurkeztu du bere lana; oraintsu, toki hauetan: Something in Space Escapes our Attempts at Surveying (Kunstverein Stuttgart, 2014), 30º São Paulo Biennalle (2012), Garden of Learning (Busan, 2012) eta Counter-Production (Generali, Viena, 2012). Horrez gain, documenta 12 erakusketan izan da (Kassel, 2007). Arestiko banakako proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: re-projecting (london) (The Showroom, Londres, 2013) eta Centro Galego de Arte Contemporánean aurkeztutako diagrams diagramen antologia (Santiago de Compostela, 2013). Idazle gisa, Manual do artista-etc (Azougue, 2013) eta Além da pureza visual (Zouk, 2007) lanak egin ditu, eta elkarlanean aritu da Materialität der Diagramme – Kunst und Theorie argitalpenarekin (Susanne Leebek argitaratua, b_books, 2012). Arte Institutuko irakaslea da, Universidade do Estado do Rio de Janeiron. 2013an, irakasle gonbidatu gisa aritu zen University of Chicagon.

Fundació Antoni Tàpiesek laguntza eman du jarduera hau ekoizteko.
http://www.fundaciotapies.org/