Egonaldi deialdia

DEIALDIA ITXITA DAGO. 2024KO UDABERRIAN ZABALDUKO DA.

Bulegoa z/b-en 2023ko egoitza deialdiaren epai-mahaiak Simon Asencioren Left/Write! (Rescript) eta Danele Sarriugarte Mochalesen letra xehez idaztea proposamenak aukeratu ditu. Aimar Arriolak (kuradorea, editorea eta ikertzailea), Laida Lertxundik (artista) eta Bulegoa z/b-ren partaideek osatutako epaimahaia 2023ko ekainaren 20an bildu zen. Epaimahaiak jasotako 74 proposamenen kalitatea azpimarratu du.

Deialdi hau berariaz bideratuta dago Bulegoa z/b ekimenaren barruan hainbat fase eta mailatan arte eta ezagutza ekoiztera. Egonaldia artista eta ikertzaileentzat irekita dago, eta hilabeteko iraupena izango du, baliabide espazialak, diskurtsiboak eta ekonomikoak barnean hartuta.

Gure bulegoko gunea deskribatzeko, oinplano karratuko 85 metroko lokal bat dela esan daiteke. Bereizgarri nagusia bertako lau leihoak dira: erakusleiho moduan, kanpoaldearekin elkarrizketan daude. Kanpoan Solokoetxe auzoko oinezkoentzako gunea dago. Lokalak hainbat erabilera izan ditu: kontzertuak jotzea, hitzaldiak eskaintzea, aldi labur baterako erakusketak osatzea edota tokian bertan berariazko ekintzak gauzatzea.

Bulegoa z/b, espazio fisikoa ez ezik, testuinguru bat ere bada, eta sormen- eta pentsamendu-mailako hainbat arlok elkarrekin topatzeko aukera ere bai. Deialdi publiko baten bitartez, Bulegoa z/b ekimenak egonaldi bat eskaini nahi die 2024an edozein diziplinatako artistei eta ikertzaileei, bulegoko espazio fisikoa eta beren eskura jar ditzakegun baliabideak erabili ahal izan ditzaten, lana edo ikerkuntza garatu ahal izateko.

Artista egoiliarrak proposatutako jarduera publikoak Bulegoa z/b 2024aren programaren barruan txertatuko dira.

Egonaldian izango den pertsonari aukera eman nahi diogu haren konfort-eremuak albora uzteko, ezagutza praktiko edo teorikoko formak entseatzeko eta, hortaz, nolabait hasieran zegoen lekutik aldatzeko.

 

EZAGUTU DEIALDIAREN BALDINTZAK