MYRIAM LEFKOWITZ: ARRETAREN PRAKTIKA

by

  • La Piscine, 2015. Laêtitia Striffling-en argazkia.

Arretaren praktika tailerraren bidez, Myriam Lefkowitzek bilaketa eta asmakuntza kolektiboa, eta arretaren gaur egungo formen auzian ardaztuta dauden hainbat praktikaren eta ideiaren trukea proposatzen ditu. Praktika eta ideia horien azpian galdera hauek daude: etorkizuneko zein praktikak sortu ahal ditu gure arreta aldatzeko baldintzak? etorkizuneko zein praktika izan daiteke lagungarria hautematearen eta imajinatzearen artean dauden lotura intimoetan sakontzeko, lotura horiek baliabide egokiak izan daitezen bestelako harreman-moduak garatzeko?

Arretaren praktika lanean, Lefkowitzek zentzumenen, pertzepzioaren eta praktikan emandako urteetan barrena garatu duen irudimenaren hainbat teknika partekatzen ditu. Tresna horiek hirian eta espazio itxien barruan aktibatzen dira, eta batez ere ukipena, ikusteko modu desberdinak, ametsaren eta bijiliaren arteko egoerak eta komunikatzeko forma isil batzuk erabiltzen dituzte. Tailerrean arretaren aldatutako egoera desberdinetan izandako esperientziak adierazteko parte-hartzaileek egiten dituzten elkarrizketek aukera emango dute “arretaren forma garaikideen” nozioaren inguruko auziak zabaltzeko eta kartografiatzeko.

Tailerrean parte hartzeko, ez da beharrezkoa aurretiaz arte eszenikoko prestakuntza izatea. Nolanahi ere, parte-hartzaileek elkarrekiko harremanean egingo dute lan, ukipena erabiliz, espazio ilunetan. Arretaren praktika tailerra San Frantziskoko Udaltegian egingo da (Mariaren Bihotza plaza, 48003- Bilbo).

Myriam Lefkowitz (1980) performanceko artista da, eta Parisen bizi da. 2010. urtetik hona, haren lanak arretari eta pertzepzioari lotutako gaiak ditu ardatz, eta era askotako tresnak erabiltzen ditu murgiltzeko, ikusle eta performer bat behar dituztenak. Besteak beste, testuinguru hauetan aurkeztu du bere artelana: Art Fair Basel (Basel, 2017), Public Art Agency (Kristianstad, 2017), Plymouth Art Weekender (Plymouth, 2016), Pompidou Zentroko Nouveau Festival (Paris, 2015), Veneziako Bienala (Venezia, 2013) eta Contemporary Art Centre (Vilnius, 2013). Gaur egun egonaldi batean dago, Parisko La Ferme du Buisson-en, eta irakaslea da Parisko SPEAPen, Science Po-n, Bruno Latour-ek sortutako arte eta politikako esperimentazioari buruzko master-programan.

Myriam Lefkowitz-en Arretaren praktika Amsterdameko If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformaren ekimena eta ekoizpena da, eta Bilboko Bulegoa z/b-ek koproduzitu du, performancearen praktikarako Corpus sarearen barruan. Tailerra Parisko La Ferme du Buisson-ekin elkarlanean egin da, Lefkowitz egonaldi batean egongo baita hor 2017ko amaierara arte.

Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.