Zinema_ilegaleko 72. saioa

by

Amadeo Bordigari egindako elkarrizketa bakarraren zati baten proiekzioa. Mattinek eta Blas Etxebarriak proposatutako saioa, eta, ondoren, solasaldia.

Hil baino pixka bat lehenago egindako elkarrizketa honetan, Amadeo Bordigak eztabaida egiten du Antonio Gramscirekin, eta faxismoaren inguruan zituen desadostasunak azaltzen ditu.

Saioan, Blas Etxebarriak parte hartuko du, eta Bordiga bera eta haren ideiak azalduko dizkigu. Horrez gain, GITE-IPESek hartuko du esku (Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea – Instituto Promoción Estudios Sociales).

Amadeo Bordiga pertsonaia enblematikoa da komunismoaren barruan, baina, aldi berean, aski ezezaguna da. Italiako Alderdi Komunista sortu zuen 1921ean, Antonio Gramscirekin batera, baina 1930ean kanpora bota zuten, Trotskyren alde jarri zelako. Bordiga parlamentuan parte hartzearen kontra zegoen erabat, eta, hori dela eta, Leninek kritikatu egin zuen, La enfermedad infantil del ‘izquierdismo’ en el comunismo (1920) saiakera ezagunean. 1926an, Bordigak aurrez aurre egin zion kritika Stalini, eta Sobiet Batasuna munduko alderdi komunista guztien artean zuzentzeko ideia proposatu zuen. 1945ean, Alderdi Komunista Internazionalista sortu zuen, buruzagi komunista izandako beste kide batzuekin batera (italieraz, Partito Comunista Internazionalista). Alderdi txiki horrek marxismoarekin fidela zela uste zuen, aurre egiten zion estalinismoari, eta SESB salatzen zuen “ezkerretik”, hango sistema ekonomikoko kapitalismoa zela egotzita.

Saioa amaitzeko, Bordiga hil ondoko urteetan mugimendu bordigistak izan zuen bilakaera izango dugu hizpide.

Blas Etxebarria Alderdi Komunistatik kanpoko militante komunisten lehen taldeko kidea izan zen, hirurogeiko hamarkadako Venezuelan. Hango ezker tradizionalak Ocho Jóvenes Iracundos (Zortzi Gazte Suminkor) izena eman zion taldeari. Gero, Europara etorri, eta mugimendu bordigistan sartu zen. Bordigarekin berarekin parte hartu zuen behin bilera batean, Milanen. 1970ean, frantsesez hitz egiten den Suitzako atal bordigista antolatu zuen, eta 1978an, berriz, Venezuelako atala. 1982an alde batera utzi zuen militantzia aktiboa.

Mattin artistak zarata eta inprobisazioa lantzen ditu gehienbat. Zarata eta kapitalismoa (Arteleku-Audiolab 2010) liburua argitaratu du Anthony Ilesekin batera. 2012an, CAC Bretignyk eta Taumaturgiak Unconstited Praxiseman zuten argitara; liburu horretan daude bilduta Mattinen testu eta elkarrizketa gehienak, eta bakarka zein lankideekin egin dituen performanceen kritikak ere bai. Gaur egun, doktoregoko ikaslea da EHU/UPVko Arte eta Teknologia Sailean, Leioan, Josu Rekalderen eta Ray Brassier-en tutoretzapean.