Fora de Campo/Off-screen Project. Mozambikeko Artxibo Zinematografikoa. Ikerketa lehia mimetikoaren bidez. Catarina Simão

by

1960ko hamarkadan Afrikan izan ziren independentziaren aldeko mugimenduek argi erakutsi zutenez, kolonialismoaren sinbolorik agerikoenak desagertuta egon arren (kolonoak eta militarrak), gauza asko zeuden egiteko artean, askatasun iraunkorra lortu ahal izateko. Borroka horren ondorioz, teoria erradikal eta praktika politiko bat sortu ziren, hain zuzen, iraganetik jasotako metodoak eta ereduak erabiltzen jarraitzeari uko egin zioten teoria eta praktika.

Borroka armatua eta Mozambikeko alderdi askatuetako esperientzia “laborategi zientifiko” baten modukoa izan ziren, etorkizunean Mozambike independentea lortzeari begira. Kontzientzia politikoa hartzean, kultura berezi bat sortu zen, eta horrek garbi erakutsi zuen borrokarako eta hezkuntza politikoa lortzeko arma gisa ere balia zitekeela. Ideia hori borrokako dinamikaren barruan sortu zen, dinamika hori ekintza kultural gisa hartuta. Etorkizuna taldeko esperientziaren prozesuan bertan onartu beharreko zeregin gisa deskribatzen denean, ideologia berri baten gauzatze performatibo moduko zerbait egiten da: mugimendu horrek gehiago joko du praktikarekin bat egitearen alde, teoria marxistari atxikitzearen alde baino. Propagandaren ildoan, borrokaren ikuspegitik, denboran barrena izaten diren prozedurak edo eguneroko esperientzian oinarritutako teoria ez dira soilik gobernurako tresna bereziak izango. Frelimok, hau da, Mozambike Askatzeko Fronteak, 1975. urtean Mozambikek independentzia eskuratu ondoren lortu zuen botere politikoa, eta eredu horiei jarraitu zien gogoeta egiteko. Denak ibiliko ziren elkarrekin, proiektu iraultzaile beraren barruan: lurrarekiko eskubideak, historiaren ekoizpena, armada, etxebizitza edota hezkuntza.

Une horretan, funtsezko harremana sortu zen herrialdeko errealitate berriaren ezagutza ekoiztearen (asmatzen hasita zegoen errealitatearen) eta ekintza politikoaren artean. Mugimendu historikoaren barruan dago harreman hori, eta bertan kokatu behar dugu estatuko film-ekoizpen heroikoa. Mozambikeko gobernuak Zinemako Institutu Nazionala sortu zuen 1976. urtean. Aldi berean, zinema-eskola abiarazi zuen, eta hainbat herrialdetako zinemagileak, intelektualak eta teknikariak erakarri zituen, besteak beste, Ruy Guerra, Jean Rouch eta Jean-Luc Godard, hau da, garai hartako abangoardiako mugimenduen –Cinema Novo, Cinéma Vérité eta Nouvelle Vague mugimenduen– ordezkari nagusiak.

Zinema horrek gizartea eraldatzeko prozesua jasotzen zuen, eta, aldi berean, gizartean eragiten zuen. Tresnen antolakuntza aurrez iragarri ahal izan zuen, kontakizun nazional berezia eta boterearen artxiboa eratzeko. Nola lan egin gaur egun, film-artxibo horren ziurtasun eraginkorra hor egonda?

2009. urtetik hona, Fora de Campo proiektua lanean ari da, Maputoko Artxibo Estatalean gorderik dauden filmen bilduma horren hondarrak berreratzeko. Artxiboko filmik zaharrena 1921ekoa da, eta berriena, berriz, 1991koa. Bestalde, 1991. urtean, sute batek eraikinaren eta bildumaren zati bat suntsitu zuen. Artxiboa ez dago argi zehaztuta, alde batetik, inoiz ez delako adostasunik izan bera antolatzeko, eta, bestetik, egoera txarrean dagoelako eta ezin iritsizkoa delako. Horri jarraiki, proiektuak ez du artxiboa era jakin batean zehaztu nahi. “Berriz eratzeko” prozesua praktika hedatu gisa ulertu da, helburu jakin bat duen zeregin modura hartu beharrean, horrela egin bailiteke berreratze teknikoan edo historikografikoan. Hortaz, film iraultzaile horiek zer diren eta nola antolatu eta erakutsi behar diren ez da finkatu eta gorde behar; aitzitik, gehienbat, berriz eraiki behar da. Proposamenak ez ditu taktikoki bereizi nahi irudia eta bere prozedura, hala nola ez baitituen bereizi nahi dokumentazioa eta ekoizpena, ezagutzaren ideia kognitiboak eta kontakizunak ikasteko trebetasunaren deskribapenak.

Esperientzian eta prozeduran oinarritutako ikuspegia hartzean –eta prozedura hori onartzean– Fora de Campo proiektuak bere helburuaren forma imitatzen du. Lehia mimetikoak eragindako talkaren bidez, parte-hartzaileek aukera dute lan egiteko metodologia jakin bat irakurtzeko, eta, hor, filmen genealogia bat elkarretaratzea, proiektatzea eta azaltzea esperientzia gisa uztartzen da, mendebaldeko historia eta epistemologiaren aurrez aurre, eta ez ezinbestez iraganarekiko harremanetan.

Fora de Campo/Off-screen Project
2009. urtetik hona, Catarina Simão “jarioan” dabilen proiektu bat garatzen ari da. Horren bidez, bereziki jorratu nahi ditu pertzepzioaren izaera eta kodetutako eta eraikitako oroimena, irudien, dokumentuen eta artxiboaren bidez eraikitako oroimena. Proiektua aribidean dagoen elkarrizketa baten inguruan gauzatzen da, eta artxibo berezi bat du xede, hain zuzen, Frelimo alderdiaren zinemagintzako bilduma, Mozambikeko Maputoko Estatuko Artxiboan gordeta dagoena.

Fora de Campo/Off-screen Project proiektuaren jendaurreko aurkezpenak “dokumentazioko aretoaren” ideiaren inguruan eratzen dira, haren izaera metatzailea eta elkarrizketatzailea islatze aldera. Areto horretan, dokumentuak, irudiak, lekukotasunak, testuak eta filmak erakusten dira, izaera post-kolonialaren forma desberdinen kontakizunak balira bezala: Mozambikeko zinema iraultzailearen bilduma sortu zuten askapen-mugimenduekin hasi, eta bera babestu nahi duen mundu-mailako kapitalismoraino, eta, bitartean, egungo gertaerak, ikerketa pertsonal bateko zatikien gisa. Muntatzeko efektuaren bidez, ikusleek lan-metodologia berezi bat ikus dezakete. Bertan artxiboko genealogia berrindartzeko zeregina esperientzia gisa ehotzen da, mendebaldeko historia eta epistemologiari begira, baina ez, ezinbestez, iraganari begira.

Aribidean dagoen proiektu horren aldiak hainbat hiritako arte-esparruetan aurkeztu dira, besteak beste, Lisboa, Oporto, Maputo, Viena, Londres, Paris, Bartzelona, Amsterdam eta Sevilla hirietan. 2010. urtean Murtzian izan zen Manifesta 8 bienalean parte hartu zuen, eta 2011n Lisboan antolatutako Africa.cont arte-programan ere bai. Fora de Campo/Off screen Project proiektua harremanetan egon da irrati, liburutegi, unibertsitate eta artxibo historikoekin. 2012. urtean, elkarlanean aritu zen Berlingo Ekialdeko Ikasketa Garaikideen Zentroarekin eta Arsenal zinemaren Living Archive programarekin. Proiektua Beiruten aurkeztu zen, Sweet Sixties biltzarrean, Ashkal Alwan elkartearekin lankidetzan. 2011. urtean, Catarina Simãok PIE – Performance & Image Exploration taldea sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Urte berean, GHOST arte-egoitzetarako kuradoreen kontseiluko kidea izan zen, Lisboako Atelier Realen.

Catarina Simão (Lisboa, 1972) artista eta ikertzaile independentea da. Bere praktikak ikerketa eta lankidetza ditu abiaburu; eta instalazioak, bideoak, proiekzioak, irratsaioak eta parte hartzeko aukera ematen duten tailerrak hartzen ditu barne. Hainbat saiakera landu ditu, bere proiektuarekin lotura duten gaiak aztertzeko; hain zuzen, hauek: teoria politikoa, propagandaren irudia, artxiboa eta prozesua zentralizatzen duten obrak. 2009. urtean jarri zuen abian orain egiten ari den proiektua, Fora de Campo/Off-screen Project – Mozambique Film Archive izenekoa, Maputon, Mozambiken.